Oilarra, kukurruku!

Egilea:

Data: 2016/06/09

EUROKOPA 2016 Atarikoa egin digu Naxari Altunak, iraganeko kontuak orainarekin uztartuz. 1984ko Frantziako Eurokopa hura, orduko futbola eta oraingoa…

Et voilà…”. Thierry Roland esatari ospetsuaren aspaldiko leloari helduta, Michel Platinik Frantziako selekzioarekin enegarren gola sartu zuenean esan bezala. Eurokopa Hexagonoan da, beste behin: hogeita hamabi urte geroago. Platinik txapelketa hartan Jugoslaviaren atea zulatu zuenekoa da TF1 kateko kazetariaren hasperena. Monsieur Footen ahotsa faltan botako dugu 2016ko Euroan; Jean-Michel Larquerekin bikote ahaztezina osatu zuen narratzailea.

Et voilà…”, esango zuen, orain ere: “Ici, c’est l’Euro”.

Bere ahotsa itzali egin zen betiko duela lau urte, eta haren hitz labankorrekin lotzen ditugu uda hartako pasarterik nagusienak. 1984, Platinik bederatzi gol sartu zituenekoa. Zerua eta itsasoa bezala, urdin ageri zen futbola hilabete hartan. Finalean gorputzaren azpitik ihes egin zion baloiak Luis Miguel Arconadari. Hainbatetan gertatzen den bezala, hutsak, okerrak gehiago azpimarratzen dira ondo egindakoak baino. Gizakiaren ajeak. Bada, Arconada txapelketa hartako podiumean jarriko genuke. Lan ikusgarria egin zuen. Gelditu paregabeak. Platini izan zen Eurokopako erregea; eta ondoren Arconada, eta Fernando Chalana portugaldarra, eta Frantziako kapitanaren zelai erdiko lagunak, nola ez: Luis Fernandez, Jean Tigana eta Alain Giresse.

1984ko Eurokoparako eraiki zuten Nanteseko La Beaujoire futbol zelaia. Platinik joko eta gol erakustaldia eskaini zuen han Belgikaren aurka, aurkariaren atea birritan zulatuta. Hogeita hamabi urte igaro dira, eta aspaldi Frantziako jokorik dotoreena eskaintzen zuen estadioa zaharkitua geratu omen da. Orain, puntako agertoki distiratsuak gailendu dira, merkatal izenekin bedeinkatuak. Marseillako Belodromo zaharrak, esaterako, ez du txapelketa hartakoarekin zerikusirik. Denbora tarte honetan birritan eraberritu dute eraikina. Ez du antzik Frantzia – Portugal finalerdi historikoa hartu zuen harekin. Dena azkar doa. Ziztu bizian.

Ordurarte futbolean ezezagunak ziren danimarkarrak agertu ziren, halako batean. Allan Simonsenek min hartu zuen estreinako partidan, baina Morten Olsenek, Frank Arnesenek, Michael Laudrupek eta Preben Elkjaer Larsenek eman zuten zeresana. Arconadarekin topo egin zuten arte. Beste multzoan, Fernando Chalana trebea bereak eta bi egiten ari zen Portugalen elastikoarekin, Fernando Gomes, Jordao, Nene eta Diamantinoren pozerako. Jokoa. Golak. Festa. Futbolaren muina.

Platinik etxekoen lana biribildu zuen, baina ondo babestuta zegoen. Ezin hobeto. Fernandez langilea zen, oso; Tigana, hauspoa, eta Giresse, artista. Txikia eta handia, aldi berean. Jokoa azken muturreraino eraman zuten, eta Michel Platini aldarean ageri zen. “Et voilà…”, Platocheren txapelketako bederatzigarren gola Printzeen Parkean. Frantziaren aurreneko titulua: Europako txapeldun!

Ez genuke gazte talentudun baten agerpena alde batera utzi nahi. Belgikako selekzioa denen ahotan dabil orain, baina 1980ko belaunaldia distiratsuagoa izan zen. Vincenzo Scifok bere burua aurkeztu zuen 1984ko Eurokopa hartan. 18 urte zituen Anderlechteko erdilari finak. Futbola, jokoa, puri-purian. Erdilari bikainen aroa.

Hogeita hamabi urte geroago, estadio zahar haien arrastorik ez. Beti geratuko da Printzeen Parkea; edo Geoffroy-Guichard, Saint-Etienne hilezkorraren etxea. Zubi lanak egingo dituzte bi horiek, iragana eta oraina lotuko dituzten ikur bakanak. Besteak beste, frantziarren ikonorik handiena erori egin delako. Ondo bidean, Michel Platinik eman behar zion Eurokopako garaikurra talde txapeldunaren kapitainari. 1984ean berak jaso zuen trofeo bera. Baina, mitoa erori egin da. Boterea. Gehiegikeriak. Oroitzapena besterik ez da bere futbolari ibilbidea. Gozoa, hori bai. Thierry Rolandek esango zukeen bezala: “Et voilà…”. Hara!!!

Orduan zortzi talde ziren lehian; orain, hogeitalau. Halako hiru!!! Jugoslaviarik ez dago. Kroazia da balkaniarren artean indartsuena. Islandia, Albania, Gales eta Ipar Irlanda bezalako selekzioak ageri dira. Berritasunak. Hungaria, aspaldiko partez, txapelketa handi batean izango da, baina ez du zerikusirik 1950eko hamarkadako belaunaldi loriatsuarekin. Berrogei urte beteko dira Antonin Panenkak Sepp Maierren aurrean penalti ospetsu hura asmatu zuenetik. Ez zuen edozein partidatan egin. Finalean izan zen: jaurtiketa erabakigarria. Panenkaren golari esker Txekoslovakia txapeldun izan zen, aurrenekoz. Orain, herrialde haren bi zatiak izango dira Frantziako Eurokopan: Txekiar Errepublika, batetik, eta Eslovakia, bestetik. Duela hogeita hamabi urte Eurokopan izan ziren zortzi selekzioetatik seik errepikatuko dute: Frantziak, Espainiak, Portugalek, Alemaniak, Belgikak eta Errumaniak. Voilà!

Frantziak, 1998an etxean antolatu zuen Munduko txapelketa ere eskuratu zuen. Orduko estiloa oso bestelakoa zen. Zinedine Zidanek hartu zuen Platiniren lekukoa. Naturaltasun handiz. Baina, garai hartako taldea ez zen hain harmonikoa. Zidanek aztiaren lilura zuen, talde sendoaren erdigunean. Frantzia garai hartako talderik indartsuena zen. Aime Jacqueten mutilek hesi bat eraiki zuten Zidaneren inguruan. Baina, bidea ez zen batere samurra izan urdinentzat. Txapelketa hasi aurretik ez zen giro selekzioaren inguruan. Hautatzaileak kritika zorrotzak jaso zituen behin betiko jokalari zerrendaren harira. Nicolas Anelka aurrelari gaztea kanpoan utzi eta Christophe Dugarry, Zidaneren laguna,deialdian sartu izanak zalaparta handia sortu zuen hedabideen artean. Txistuak harmailetan.

Tituluak irabazteko denen beharra izaten da. Denen eta guztiaren beharra. Bidean gertakari bitxiak ere izaten dira. Frantziak 1984ko Eurokopa irabazi zuenean, Portugalen aurkako finalerdietan normalean golik sartzen ez zuen atzealdeko ezker hegaleko Jean François Domerguek bi erdietsi zituen, bere selekzioa kinka larrian zegoela. Eta hamalau urte geroago, Frantziako Mundialean, Kroaziaren aurkako finalerdietan, eskuin hegaleko atzelariak, Lilian Thuramek, markagailua irauli zuen dena galduta zutela zirudienean. Beste bi gol. Ustekabeko protagonistak garaipenik handienetan. Gertatu ohi da. Futbola.

Txapelketaren amaieran hainbat hedabidek barkamena eskatu zioten Frantziako hautatzaileari. Orain, Didier Deschampsek ere epelak entzun ditu, Karim Benzema eta Hatem Ben Arfa kanpoan utzi dituelako. Sutea ez zuen edonork piztu. Eric Cantonak sugarra hauspotu du, DD bere taldekide ohiari kolpe zitala emanda.

Platini, Zidane, eta orain Zubietan hazitako jokalari bat da Frantziako ikurra: Antoine Griezmann. Lesioen ondorioz, Raphael Varane eta Lassana Diarra zutabeak jokoz kanpo geratu dira. Baina, denboraldiko ezustekoetako bati zabaldu zaio zelai erdiko atea: N´Golo Kante izango da Frantziako euskarria. Denen lana eta gehiago ere behar izaten da gailurra zapaltzeko. Oilarrak beste erronka bat izango du bere etxean. Voici!