Oasia izan da basamortuan
LEVANTE 3
ATHLETIC 1
Irabazten hasi arren, atsedenaldirako galtzen joan da taldea. Hobekuntzak hamar minutu bakarrik iraun du.
- Lehengo lepotik burua Athleticek. Gaurko partida hau lehen ere ikusi dugu. Behin, bi aldiz edota hiru bider. Gauza politak bai tarte batean, baina gero, oso bigun defentsako lanean. Ondorioa: emaitza txarra. Levantek erraz antzean menderatu duen irudipena.
- Basamortu lehorrean oasia azaltzearen parekoa izan da partidaren hasiera. Baloiaren jabe ez ezik, baloiari eta jokoari etekina ateratzen aritu da taldea. Ondo mugitu du, eta min eman dio Levanteri. Jokalariak mugimenduan aritu dira, Levanteren lerroen artean eraginkor jarriz, baloia bakar antzean hartuz eta lagunari ondo emanez. Lerroak hautsi egin dizkio Athleticek Levanteri, eta ematen zuen gaur izango zela eguna.
- Baloiari baloirik gabeko defentsako lan ona gehitu dio aurreneko hamar minutu horietan. Baloia galdu orduko, presioa kontrarioari. Hau ezinean, paseak kateatu ezinda, eta baloia azkar asko Athleticek berriz ere. Jokoa sortzera beste behin, eta txukun sortu ere. Gola lekuko. Seigarren minutua. Herrera eskuin hegalean azaldu da; Susaeta hegaleko marraren gainean zen, eta Iraolak bikain hautsi du barrutik. Han zegoen zuloa, eta hantxe jarri dio baloia Herrerak. Iraolaren erdiraketa ona edertu egin du Adurizek. Nork bestela! Buruz, jakina. Gol polita.
- Handik gutxira gertatu da lehiaren aurretik aurreikusten zen arrisku egoera. Muniainek baloia galdu du (zenbat galdu ditu gaur ere?), eta kontraerasoan, ia berdindu dio Levantek. Eskerrak Iraizoz bikain aritu den.
- Hortik aurrera desagertu egin da Athletic. Ez erasoan, eta ez defentsan. Zaila da arrazoiak aurkitzen. Levante hasi da baloia erabiltzen, eta Athletic arearen gainean. Eta argi dago horrela oso gaizki defendatzen duela Bielsaren taldeak. Kosta egiten zaio baloia berreskuratzea, zuloak edonon uzten ditu, eta ez du sendotasun itxurarik ematen.
- Erasorako baliabide bakarra egoera horretan kontraerasoa da. Izan ditu bat edo beste, baina ezin asmatu aukera sortzen ere. Irteera horietako batean, eskuin hegalean, baloia galdu du taldeak, eta beste aldetik etorri da gola. El Zahrrek ondo eman dio eskuin hegaleko atzelari Chrisi, albotik pasatu baitzaio hau, eta zartako handiarekin, berdindu egin du. Eskuin hegal horretatik min handia egin dio Levantek lehen zatian.
- Desagertuta segitzen zuen Athleticek, eta bigarren gola ere jaso du. Amaitzear zen lehen zatia. Bigun berriz ere jokalariak, eta goiko baloi batean, Iborrak aurrea hartu dio Iraizozi. Galtzen atsedenaldira, eta jokalari bat gutxiagorekin. Laportek huts egin du baloi luze batean, eta falta argia egin dio gero Levantekoari. Aldaketa Bielsak: Munian kanpora (eskas ari zen), eta Amorebieta barrura.
- Bigarren zatian, Levantek nahi zuen lekuan egon da partida: Athletic baloiaren jabe, eta bera kontraerasoan. Pagotxa Herrialde Katalanetako taldearentzat. Adurizek bakarka egindako pare bat jokalditan aukera parea sortu arren, beste gainontzean minik ez dio eman taldeak Levanteri. Eta hauek eroso, leku askorekin zuri-gorrien bizkarrean. Hala ere, hirugarren gola ez da horrela etorri. Korner baten baitan sartu du. Area ertzean apropos etorri zaio baloia El Zahrri, eta bikain eman dio baloiari. 3-1.
- Bigarren porrota jarraian, eta ezintasuna nagusi: nahi eta ezin hori ez da irudipen gozoa. Hobekuntzak hamar minutu baino gehiago iraun behar du. Hamar minutu on, eta laurogei bigun porrotaren sinonimo izaten da Lehen mailan. Eta beste behin, gol asko jasota zakuan.