Nor izango da Ingalaterrako entrenatzaile berria?

Egilea:

Data: 2012/02/09

Fabio Capellok dimisioa eman zuen atzo, ezustean, Federazioarekin John Terryren inguruan dauzkan desadostasunak tarteko, eta ordezkoaren bila ari da Ingalaterrako Federazioa

Futbolaren mundua astindu zuen albisteak atzo. Fabio Capellok utzi egin du Ingalaterrako selekzioa. Dimisioa eman zuen. Erabaki horren oinarrian daude Federazioarekin dituen desadostasunak John Terryren inguruan.

Chelseako jokalaria epai zain dago, Anton Ferdindand jokalariarekin jarrera arrazista izatea leporatuta. Terry Ingalaterrako selekzioko kapitaina izan da orain arte, baina Federazioak kapitainaren ardurak kentzeko eskatu dio Capellori. Baina entrenatzaileak ezetz esan du: “Auziak epaia izan arte, errugabea da, eta ez daukat motiborik erabaki hartzeko”. Federazioko kideak eta entrenatzailea atzo bildu ziren, eta bakoitzak bereari eutsi zion. Azkenean, Capellok dimisioa eman zuen: “Nire agintea hautsi du Federazioak”, esan du italiarrak. Federazioak gaur emango du prentsaurrekoa.

2007tik izan da Ingalaterrako entrenatzaile Capello.

Fabio Capello atzo, dimisioa eman berritan. AFP

Harry Redknapp: bolo-bolo dabilen izena

Ordezkoaren bila ariko da honezkero Federazioa, eta entrenatzaile baten izena dabil denen ahotan: Harry Redknapp. Egun, Tottenhameko entrenatzailea da, eta beste bi denboralditarako kontratua sinatuta badu ere, ez luke arazorik izango bi lanak aldi berean betetzeko.

Capelloren dimisioa une txarrean izan da. Ingalaterrak Eurokopa  jokatuko du lau hilabete barru, eta entrenatzaile berriari ez zaio denbora asko geratuko taldea berak nahi duen bezala moldatzeko.

Harry Redknapp, Tottenham zuzentzen partida batean.