Non zaude, Hector Cuper?
ANALISIA-ERREPORTAJEA Herrialdeko entrenatzaileak dira nagusi Alemania, Espainia, Frantzia eta Italiako ligetan; ez, ordea, Ingalaterran. Beti ez da horrela izan, baina. Ingalaterran, orain zabaldu da atzerritarren aldeko hautua, eta Espainian atzerrikoak gehiengo izan zirela ez da urte asko igaro.
Erromak aldatu egin du entrenatzailea aste honetan. Rudi Garcia etxera, eta Luciano Spalletti lanera. Beste italiar bat aulkietara Serie A-n. Bi atzerritar bakarrik geratzen dira lanean han: Paulo Sousa portugaldarra Fiorentinan, eta Sinisa Mihajlovic serbiarra Milanen.
Antzeko zenbakiak eta joera azaltzen dira Europako gainontzeko Liga handietan. Salbuespena bakarra da: Premier League. Espainiako Ligan, Frantziakoan eta Alemaniakoan, bertako entrenatzaileak dira nagusi denboraldi honetan. Eta ez da sasoi honetako kontua, iragan gertukoan ere joera hori izan baita nagusi. Eta Alemanian, Italian eta Frantzian ia beti eutsi izan zaio.
Datuak hauek dira Espainian, Frantzian eta Alemanian:
- Espainiako Ligan, hogei talde ari dira lehian, eta bostek bakarrik dute atzerriko entrenatzailea: Celta (Eduardo Berizzo), Atletico Madril (Diego Simeone), Valentzia (Gari Neville), Real Madril (Zinedine Zidane), eta Espanyol (Constantin Galca).
- Alemaniako Bundesligan, bost taldek soilik dute kanpoko entrenatzailea: Hertha Berlin (Pal Dardai), Werder Bremen (Vyktor Skrypnyk), Hoffenheim (Huub Stevens), Bayern Munich (Pep Guardiola), eta Koln (Peter Stoger).
- Frantziako Ligue 1en, bi taldek bakarrik dute atzerriko entrenatzailea: Marseilla (Michel), eta Monako (Leonardo Jardim).
Ingalaterrako Liga nagusian, aldiz, atzerriko entrenatzaileak dira nagusi. Soilik zazpi taldek dute Ingalaterra, Eskozia edo Galesko entrenatzailea: Bournemouth (Eddie Howie), Crystal Palace (Alan Pardew), Sunderland (Sam Alardyce), Stoke City (Mark Hughes), Newcastle (Steve McClaren), West Bromwich Albion (Tony Pullis), eta Norwich City (Alex Neill).
Atzerritarrak, leku guztietakoak
Hortaz, Liga handienetan, hogeita zazpi entrenatzaile ‘kanpotar’ ari dira lanean beren herrialdekoak ez diren taldeetan. Bakoitzaren jatorria kontuan hartzen bada, kontinenteari dagokionez honela banatzen dira:
- Europarrak: hogeita hiru
- Amerikarrak: lau
Europarrei erreparatzen bazaie, eta herrialdeka hartuta, honela banatzen dira:
- Herbehereetakoak lau dira: Huub Stevens (Hoffenheim, Bundesliga), Guus Hiddink (Chelsea, Premier League), Louis Van Gaal (Manchester United, Premier League) eta Ronald Koeman (Southampton, Premier League).
- Espainiakoak bi dira: Quique Sanchez Flores (Watford, Premier League) eta Michel (Marseilla, Ligue 1).
- Kataluniakoak bi dira: Pep Guardiola (Bayern Munich, Bundesliga) eta Roberto Martinez (Everton, Premier League).
- Frantziakoak bi dira: Zinedine Zidane (Real Madril, Liga) eta Arsene Wenger (Arsenal, Premier League).
- Portugalekoak bi dira: Leonardo Jardim (Monako, Ligue 1) eta Paulo Sousa (Fiorentina, Serie A).
- Hungariakoa bakarra da: Pal Dardai (Hertha Berlin, Bundesliga).
- Austriakoa bakarra da: Peter Stoger (Koln, Bundesliga).
- Ukrainakoa bakarra da: Vyktor Skrypnyk (Werder Bremen, Bundesliga).
- Ingalaterrakoa bakarra da: Gary Neville (Valentzia, Liga).
- Errumaniakoa bakarra da: Constantin Galca (Espanyol, Liga).
- Alemaniakoa bakarra da: Jurgen Kloop (Liverpool, Premier League).
- Italiakoak bi dira: Claudio Ranieri (Leicester, Premier League) eta Francesco Guidolin (Swansea, Premier League).
- Kroazikoa bakarra da: Slaven Bilic (West Ham, Premier League).
- Serbiakoa bakarra da: Sinisa Mihajlovic (Milan, Serie A)
Amerikarrei dagokionez, hauxe da banaketa herrialdeka:
- Argentinakoak dira hiru: Eduardo Berizzo (Celta, Liga), Diego Simeone (Atletico Madril, Liga) eta Mauricio Pochettino (Tottenham, Premier League).
- Txilekoa da laugarrena: Manuel Pellegrini (Manchester City, Premier League).
Duela bi hamarkada, atzerritar gehiago Ligan
Bestelakoa zen joera duela hamabost-hogei urte; batez ere, Espainian eta Ingalaterran. Oraingoaren alderantzizkoa bietan. Espainiako Ligan, atzerriko entrenatzaileak ziren gehiengo, esaterako, 1997-98 denboraldian. Ingalaterran, aldiz, bertakoak ziren nagusi denboraldi berean.
Premier League hartan, hiru bakarrik ziren atzerriko entrenatzaileak Liga hasi zenean: Arsene Wenger (Arsenal), Gianluca Vialli (Chelsea) eta Christian Gross (Tottenham).
Espainiako Ligan, hauek izan ziren atzerrikoak ez ziren entrenatzaileak Liga hasi zenean: Jabo Irureta (Celta), Miguel Angel Montes (Sporting), Jose Antonio Camacho (Espanyol), Luis Aragones (Betis), Luis Costa (Zaragoza), Marcos Alonso (Racing Santander), Andoni Goikoetxea (Salamanca), Victor Fernandez (Tenerife) eta Fernando Vazquez (Compostela).
Atzerritarren artean zegoen Hector Cuper. Atzerriko entrenatzaileak fitxatzea ia arau bezala hartua zeukaten klubek, eta bere aldeko apostua Mallorcak egin zuen 1997-98 hartan. Ez zen ezaguna argentinarra, Lanusen (Argentina) lan ona egina bazuen ere. Kanpokoa hobea zen ustea zeharo hedatua zegoen taldeetan, edo moda kontua zen, bestela, eta Cuper ezezagun hura izan zen joera haren paradigma.
Orain ere egiten dira apostuak Espainiako Ligan, baina bertako entrenatzaileekin ia gehienean. Garaiak aldatu egin dira. Eta Cuperrek hamaika talde entrenatu ditu 1997 hartatik. Orain, Egiptoko selekzioko entrenatzailea da, esate baterako.
Aurreko denboraldian, 1996-97an, Espainiako Ligan bertako entrenatzaileak zeuden taldeen erdietan, gutxi asko. Ez zen joera atzerritarren aldera joan hurrengo sasoian gertatu zen bezala. Kanpotarren aldeko kopuruak goian jarraitu zuen 1998-99 sasoian ere, eta besteak beste, Ligan azaldu ziren Marcelo Bielsa (Espanyol) eta Arrigo Sacchi (Atletico Madril).
Ingalaterran, XX. mendeko azkeneko Liga eta XXI. aurrenekoa izan zenak (1999-2000), aurretik zekarren joerari eutsi zion entrenatzaileen jatorrian. Hiru bakarrik ziren Ingalaterra, Eskozia, Irlanda edo Galeskoak ez zirenak: Wengerrek (Arsenal) eta Viallik (Chelsea) jarraitu egiten zuten lehengo lekuan, eta Gerard Houllierrek hartu zuen historiko baten gidaritza (Liverpool).
Beste Liga nagusietan, aurreko mendearen amaieran, oraingo joera beretsua zegoen entrenatzaileen jatorrian. Italian, esaterako, 1999-2000 denboraldian, atzerritarra bakarra zen: Sven Goran Eriksson suediarra (Lazio). Lan honen hasieran aipatu dugun Spalletti Venezian zebilen orduan, 40 urte eskasekin. Izen handiak eseri ziren aulkietan sasoi hartan: Fabio Capello (Erroma), Carlo Ancelotti (Juventus), Giovanni Trapattoni (Fiorentina), Marcello Lippi (Inter Milan). Gazteen artean, Spallettirekin batera, Cesare Prandelli zegoen hasita lan onak egiten; Veronan jardun zuen 1999-2000 sasoian.
Italian, Frantzian eta Alemanian, ohikoa izan da etxeko entrenatzaileen aldeko hautua egitea, eta ez da aldaketa handirik egon horretan urteen joanean.
Aldaketak XXI. mendean Espainian eta Ingalaterran
Espainiako Ligan, pixkanaka, etxekoen alde egiten hasi ziren taldeak 2000ko lehen hamarkadaren erdialdetik aurrera, eta erabateko indarra hartu zuen Pep Guardiolak Bartzelonan izan zuen arrakastaren ondotik (2008-2012). Jokatzeko eredu zehatz batekin ibili zen Kataluniako taldea arrakastaz arrakasta, eta eredu horren nolabaiteko bilakaera erabiltzen hasi zen Espainiako selekzioa ere. Eredu hori Espainiako eta Kataluniako entrenatzaileekin lotu zen, eta baliteke horrek ere indarra ematea taldeei bertako entrenatzaileen aldeko apustua egiterakoan.
Ingalaterran, kanpotarren aldeko aukera indarra hartzen orain gutxi hasi da. Duela lau denboraldi joera etxekoen aldekoa zen oraindik, eta duela hiru urte ia berdindu egin zen. Sasoi honetan egin du kanpotarren aldera. Ikusi egin beharko da nolako bilakaera izaten duen hemendik aurrera. Talde indartsuenak aspalditxo hasi ziren atzerrira begira entrenatzaile bila, baina apalenek bertakoei eusten zieten. Orain, ematen du, talde txikiak ere leihotik urrutira begira jarri direla. Kanpoko inbertsoreen dirua sartzen ari da talde askotan, eta diruak kanpora begira jartzen ditu erabakia hartu behar dutenak.
Jokatzeko ereduaren bilakaera, entrenatzaileak aukeratzeko eragile
Entrenatzaileen joan-etorria etengabea izan da beti. Gehiago edo gutxiago, beti mugitu izan dira hara eta hona; izan Liga bereko taldeetara, edo beste lehiaketa batzuetako klubetara. Baina zein da eragilea herrialde bateko edo beste bateko entrenatzailea aukeratzeko? Batez ere, hau: gehien erabiltzen den jokatzeko ereduak sekulako indarra dauka. Modan dagoen eskolak asko baldintzatzen du klubetako agintarien hautua. Orain, esaterako, Guardiolaren Bartzelonak ezarri zuenaren bidetik doa futbola, eta molde hori lantzen duten entrenatzailea dago indarrean. Kataluniako eta Espainiako entrenatzaile asko dabiltza munduan zehar lanean.
Bere garaian, duela hamarkada asko, ingelesak ziren ‘onenak’, eta asko ibili ziren nazioartean barrena. Modan modako eskola eta garaian garaiko jokatzeko eredua bereizgarri nagusi dira entrenatzailea aukeratzeko orduan.
Beste kontu bat da klub askotan izaten den anabasa entrenatzailea aldatzea erabakitzen dutenean. Oso ohikoa da bidalitakoaren gustuko ereduari ostikada eman, eta guztiz kontrakoa den eredu batekoa jartzea bestearen lekuan. Koherentzia handirik ez da ikusten hor, eta taldearen ezaugarriak ez dira kontuan hartzen entrenatzailea aldatzeko garaian. Entrenatzaileentzat txarra ere ez da horrela ibiltzea klubak; azken batean, eredu guztien erabiltzaileentzat egiten du tokia aulkietan. Lana aurkitzeko aukera handitzen die, beste era batera esanda. Bestela, beti unean uneko moldea erabiltzen dutenak bakarrik leudeke lanean.
Entrenatzaileen gai honek ere agerian uzten du futbola oso bizirik dagoen zerbait dela. Aldatzen ari da egunero. Bilakaeran dabil, direla joerak, direla ereduak, direla filosofiak, direla klubak gobernatzeko erak… Eta gaur ohikoa dena bihar ez da izango, eta biharkoa ere ez etzi.