Noiztik dira lagunak?

Egilea:

Data: 2012/06/11

EUROKOPA 2012

Frantziak eta Ingalaterrak berdindu egin dute (1-1), D multzoko lehenenengo partidan.

  • Bi etsai historiko. Denean ezberdinak, muturretik muturrera. Futbolean ere bai, nola ez. Askotan ezin elkar ikusi ere bai. Gaur ez. Elkarri begira pasatu dute arratsaldea, “zu lasai, ni ere lasai”. Begiruneagatik ez da izan. Errespetu latza.
  • Puntua bientzat. Ez dute galdu. Pozik biak. Partida bat, puntu bat. Beste bi geratzen zaizkie, teorian (futbolean baliorik bai al du?) multzoko errazenen aurka (Ukraina eta Suedia). Pentsamendu horrekin eman diote elkarri eskua bi taldeetako jokalariek lehia amaitzean.
  • Frantziak disdira ez du azaldu. Omen daukan hori. Taldeko jokorik, apenas. Talentudunen lotura, dezente. Barruan hasi, eta barruan bukatu nahi. Erditik erdira, beste era batera esanda. Eta hegalak?
  • Ingalatarrek berea egin du. Ez zen faboritoa. Egin gabeko taldea da oraindik. Baina Roy Hodgson azeri zaharrak badaki zerbait: nondik hasten dira taldeak eraikitzen? Atzetik. Atzeko lana da etxearen oinarria. Teilatua, azkena. Eta Chelsearen itxura hartuz, horma handia eta sendoa jarri dio parean Frantziari.
  • Aurretik ere joan da (Lescottek gola, 30. minutuan), baina Nasrik berdindu du azkar (39. minutuan). Golen aurrekoa eta ondorengoa, antzekoa. Paktuaren itxurakoa. “Zu pozik, ni ere pozik”. Noiztik dira lagunak ingelesak eta frantziarrak?