Naturaltasunez

Egilea:

Data: 2013/06/10

REALA (iritzia)

Realaren historian atzera begiratu du Naxari Altunak, orainarekin lotzeko. Bi izen: Alberto Ormaetxea eta Jagoba Arrasate.

Igande euritsua. Atotxa jendez lepo, hala ere; ohi bezala. Tituluak irabaztea salbuespena den arren, gau distiratsuen biharamunak ez dira lehen bezalakoak izango. Gailurretik ikusmira bestelakoa da. Gizakia. Bigarren izatea ez du aurrerantzean asetuko.

Porrotaren irakurketa ezberdinez jabetu ginen Realak Ligak irabazi eta hainbatentzat salbuespena ez zela konturatuta. Aspaldi. Jesus Mari Zamora eta Jesus Satrustegiren lesio larriak izan ziren tartean (Luis Miguel Arconadak ere min hartu zuen urte batzuk geroago…). Periko Alonso Bartzelonara joan zen, Santi Idigoras Pueblara, Inaxio Kortabarriak erretiroa hartu zuen, Gazteluk ere bai… Taldea eraberritzen hasi zen, eta igande arratsalde hartan sekula ahaztuko ez dudan kantua entzun nuen futbol zelai zaharrean: “Ormaetxea dimisión…”. Batzuen oihua zen, gutxi batzuena. Ez zen olatu bihurtu, baina hausnarketa merezi zuen.

Javier Exposito hunkitu zen behin etxeko entrenatzaile bati buruz ari zela. Andoni Elizondo ekarri nahi zuen gogora; Realaren bilakaeran erabakigarria, haren ustetan. Artean 34 urte zituela hartu zuen talde txuri-urdina eskuartean Andonik: “Realari behar zuen astindua eman zion une hartan”, zioen Expositok. Hura gabe ezin ulertu ondorena.

Puertollanon hartu zuen abiada Realak, eta geroztik denetarik bizi izan du. Lehen Mailara igoerak, Europa, tituluak… erroei eutsita. Alberto Ormaetxeak eta Marco Antonio Boronatek belaunaldi distiratsua hartu zuten; jokalariei onena eman eta haiengandik onena ateaz, talde eta gizon gisa. Bizipen haiek gogoan, “Ormaetxea dimisión…” mezu hura zitala zen. Futbola.

Jagoba Arrasatek “naturaltasuna” hitza erabili zuen aurkezpeneko prentsaurrekoan. Hitz dotorea. Neurrikoa. Egokia. Hain arrotza futbolean… Hainbeste zalaparta eta hitz-jarioren erdian, aurreritzi eta ika-mika artean, Philippe Montanierrek utzitako arrastoari jarraituko dio entrenatzaile berriak. Haren lantaldeko partaide gisa. Talde-lana baita Realaren funtsa. Goitik hasi eta berdeguneraino. Koherentzia: aspaldiko urteetan Realak galduta zuen arrastoa.

Mikel Etxarri maisua izan du gidari Jagoba Arrasatek entrenatzaile eskolan. Ikasketa amaierako proiektuan tutoretza lanak egin ditu Berriatukoarekin. “Taktikoki oso ondo prestatuta dago. Koherentea da. Irekia. Ikasteko grina handia du. Zorrotza da. Argia. Realak erabili nahi zuen moldea oinarri hartuta egin du ikasketa amaierako proiektua: 1-4-3-3 sistemaren inguruan. Horretan ere oso koherentea izan da”, diosku Etxarrik.

Gauzak naturaltasunez hartuz gero; obra batek behar duen pazientzia eta denbora eskainiz gero; irizpide onez; indartuta aterako da Reala. Klubak berebiziko garrantzia duen erabakia hartu baitu, ondo egindako lana eta jakituriari jarraipena emanda. Aurreiritzirik gabe.