Nagusitasunez

Egilea:

Data: 2012/04/05

Athleticek Europako Kopako finalerdiak jokatuko ditu Sporting Lisboaren aurka. Gaur, Schalke kaleratu du, San Mamesen berdindu eta gero (2-2).

  • Bi aldiz aurreratu dira alemaniarrak, Huntelaar eta Raul golegile, eta segituan eman dio erantzuna Athleticek, kontrako emaitza berdinduz. Nagusia nor den erakutsi dio aurkariari.
  • Erasoan, ohiko erraztasuna erakutsi gabe ere, joa erakutsi du Marcelo Bielsaren taldeak. Erraz egin ditu golak. Nagusitasunez.
  • Alemaniarrek arriskatu egin dute, normala den bezala, eta ez diote utzi Athletici baloia atzetik jokatuta ateratzen. Presioa oso goian egin diote etxeko taldeari. Athletic, ordea, ez da beldurtu, eta betiko ereduari eutsi dio; horregatik galdu du baloia askotan oso leku arriskutsuetan.
  • Lehen zatian, joko ia dena erdialdetik sortu nahi izan du Bielsaren taldeak, eta erabaki okerra izan da futbolarien aldetik. Hegaletan zegoen zuloa. Gero, bigarren zatian, zelaia oso ondo zabalduz, errazago heldu dira alemaniarren areara.
  • Schalkeri joanekoan gertatu zitzaiona gertatu zaio gaur ere: bigarren zatiaren erdialderako, nekatu egin dira jokalari aurreratuenak, eta presioa desagertu egin da. Orduan hasi da Athletic eroso jokatzen, eta aukera gehiago sortzen.
  • Ibai Gomez. Bazebilen nor den erakutsiz azkenaldian, edo nor izan daitekeen, eta gaur, gol bikaina sartu du. Maila ona ematen ari zen azken partidetan, baina zer egingo diogu, golak neurtzen ditu bakoitzaren abileziak.
  • Javi Martinez ez da ondo moldatu zelai-erdian. Ez erasoan, ez defentsan. Erasoan, baloia eraman eta eraman ibili da, eta defentsan, zulo handia egon da defentsaren aurrean.
  • Schalke talde ona da, eta asko arriskatzen du. Baina atezainik ez dauka. Kanporaketa honetan, behintzat, ez dute maila onik eman jokatu duten hirurek. Iraizoz, aldiz, ondo aritu da.

 
http://www.youtube.com/watch?v=qQIySNS6D_o