‘Muito mais que um clube!’
EUROPAKO LIGA
Finalaren atarian, Benficaren historian sartu-irtena egin du Naxari Altunak, Europan irabazteko duen madarikazioan oinarrituz.
Da Luz estadio zaharra ikaragarria zen. Handia, edukiz eta bizipenez. Harmailak zeruraino iristen ziren. Gorria zen ingurua. Begiak itxi eta jokalari baten irudia etorri zitzaidan gogora. Ez zen Eusebio, ezta Coluna, Jose Augusto edota Aguas handia ere. Ez ziren haiek, ez! Vataren irudia agertu zen irudimenean. Atzerabegirako oroitzapenean present.
Vata Angolan jaio zen. Aurrelaria. Berari esker jokatu zuen Benficak 1989/90ean Europako Kopako finala. Lisboan Marseillaren aurka partidaren hondarrean sartutako golak Vienako finalean sartu zuen Benfica.
Begirada zelaiaren beste aldera luzatu, eta hantxe, ixkin batean irudikatu nuen Valdo brasildarraren korner jaurtiketa. Han berpiztu zen Vataren gola. Besoarekin sartu zuen gola. Marseillak inoiz izan duen talderik onena finalik gabe geratu zen; eta, agian, titulurik gabe.

Vataren gola, eskuarekin.
Benficak aurretik jokatutako lau finalak galduak zituen: 1962/63, 1964/65, 1967/68, 1987/88. Milanen aurka madarikazioa hautsi nahi zuten portugaldarrek Vienako finalean. Baina zoritxarra ez zen estatistika kontua soilik. Arazoa sakonagoa zen. Askoz ere sakonagoa. Eusebio handiak hitza hartzeraino, zor historiko bat konpondu nahian-edo. Oso astuna baitzen madarikazioa, arazo mistiko bihurtua.
Benficak bi aldiz irabazi du Europako Kopa: 1960/61, 1961/62 denboraldietan. Aurreneko finala Bernan jokatu zen; bigarrena Amsterdamen. Bartzelona eta Real Madril azpiratu zituen talde handi hura Bela Guttman entrenatzaile hungariarrak sortu zuen. Eusebio hasiberria zen, Mozambiqueko Lourenço Marquesetik fitxatua. Zelai erdiko metronomoa bezala: Mario Coluna. Erdilari paregabea. Zinedine Zidanek Bayer Leveskuseni gol zoragarri hura sartu aurretik, antzekoa egina zuen Colunak Bartzelonaren aurkako finalean: 41 urte lehenago. Jose Augustoren barnekaldiek ere arrastoa utzi zuten eskuin hegaletik. Zutoinak izan ziren protagonista final gogoangarri hartan. Bernako zutoinak…
Urtebete geroago, Alfredo Di Stefanok eta bere taldekideek ere amore eman zuten Os encarnados taldearen aurrean: 5-3. Jose Aguasek, Angolan jaiotako aurrelariak, gol bana sartu zuen bi final horietan. Bere seme Rui Aguasek madarikazioa hausteko aukera izan zuen birritan, mende laurden geroago. Aurrelaria zen Rui, aita bezala. Neneren lekukoa hartu zuen 1980ko hamarkadaren amaieran. Baina ezin hautsi Bela Guttmanek 1962an bota zuen madarikazioa!

Eusebio eta Bela Guttman
Vienan, 1990eko finalaren atarian, entrenatzaile hungariarraren hilobira joan zen Eusebio. Erreguka joan zitzaion, artean 18 urte zituela Mozambiquetik Lisboara eraman zuen gizonari. Alferrik, ordea. Madarikazioak indarrean jarraitzen baitu 51 urte geroago.
Bela Guttmanek Benficak inoiz izan duen talderik indartsuena osatu zuen 1960ko hamarkadaren hasieran. Real Madrilen aurka klubaren bigarren Europako Kopa irabazi eta gero bota egin zuten entrenatzaile hungariarra. “Ni gabe ez duzue sekula txapelketa irabaziko…”, esan zuen orduan. Geroztik, Benficak hainbat Liga eta Kopa eskuratu ditu Portugalen, baina Europan ezer ere ez.
Duela 30 urte UEFAko Kopako finalera iritsi zen Lisboako taldea. Orduan joan-etorrikoa izaten zen finala. Anderletch zuten aurkari portugaldarrek. Puntako taldea garai hartan. Bruselan 1-0 gailendu ziren belgikarrak. Itzulerako partidan Da Luz zaharra jendez lepo zegoen, garai hartan Europako estadiorik jendetsuena zena, Camp Nourekin batera: 100.000 zaletik gora harmailetan. Humberto Coelhok gola sartu zuen Lisboako taldearentzat, baina handik gutxira banakoa erdietsi zuen Anderletchek. Eta horrela amaitu zen partida. Europako titulurik gabe, beste behin, Benfica!

Fernando Chalana
Begiak berriro itxi eta jokalari bibotedun bat ekarri nuen gogora Da Luzeko zelaian. Handik Marseillara salto egin zuten oroitzapenek, 1984ko ekaina bero hartara. Marseillara, bai, Fernando Chalana gogoratzeko. Benficako ikurra. Itzela izan zen erdilari portugaldarraren erakustaldia Eurokopako finalerdi hartan: Frantzia-Portugal. Soilik Jean Tiganaren hiru birikek azpiratu zuten Chalanaren irudimena. Baina Fernando Chalanak ere ezin izan zuen Benficarekin titulurik eskuratu Europan. Menderaezina dirudi belaunaldiz-belaunaldi piztuta iraun duen kondairaren sugarrak.
Eta iritsi da zoritxarra zapuzteko tenorea, beste behin. Amsterdamen: Benficak Europako Kopa bigarren eta azken aldiz irabazi zuen hirian. Jorge Jesus entrenatzaileak hartu nahi du Bela Guttmanen lekuko astuna. Hegoamerikarrez betetako taldearen buru. Orain, Nico Gaitan argentinarra da Benficak beti izan duen artista. Orain, Oscar Cardozo paraguaitarra da Benficak beti izan duen aurrelari handia. Eta betikoa den bihotz gorria, Victoria arranoak barreiatzen du lau haizetara. Benfica, futbol talde bat baino askoz ere gehiago delako!