Moyes eta Mel; Mel eta Moyes

Egilea:

Data: 2014/11/11

REALA (iritzia)

Bi entrenatzaileren arteko aukeran, deigarria egin zaio Aitor Manterolari bien gustuko jokatzeko ereduak oso ezberdinak izanda, Realari berdin izatea bat aukeratu edo bestea.

Badator David Moyes, eta eskoziar entrenatzaileari babes osoa emateko garaia izango da hemendik aurrera. Baina Realak entrenatzaile berria hautatzeko behar izan dituen bederatzi egun hauetan (gehiago izango dira, Jagoba Arrasate bota aurretik ere bolo-bolo baitzebilen kontua), badira kontu batzuk erraz ulertzen ez direnak. Ez behintzat, futbolari lotutako ikuspegitik bakarrik.

Bi hautagai egon direla esan dute birritan Aperribay eta Lorenek: Moyes bera eta Pepe Mel. Entrenatzaile bat aukeratzerakoan, bere lanari buruzko ezaugarri asko (denak) hartu behar lituzkete kontuan klubek. Kasu honetan, Realak. Horietako bat da nola gustatzen zaien jokatzea bere taldeei; hau da: zein den entrenatzailearen jokatzeko eredua. Eta hemen sortzen zaizkit niri buruko minak: eredu bera gustatzen al zaie Moyesi eta Meli?

Eskoziarrak 11 denboralditan zuzendu zuen Everton hura jokatzen ikusita, eta Melek dotore zuzendu zuen Betis on hura jokatzen ikusita, bakoitzaren ereduak ezberdinak direla azkar esan daiteke. Hanka sartzeko batere beldurrik gabe. Harrigarria bada, alde horretatik, Realeko kirol agintari gorenak eta presidenteak Moyes edo Mel, Mel edo Moyes hautatzea.

Jokatzeko eredu hori taldeko jokalariekin nola uztartzen den ere oso kontuan hartzekoa da. Realak sasoi honetan jokatu dituen partida eta minutu onenak eredu jakin bat erabiliz jokatu ditu. Aurkariaren zelaian presio altua eginez, baloia azkar lapurtuz eta bizi erasotuz. Kasu, igandeko partida, Atletico Madrilen aurkakoa. Melen Betis haren antza izan du denboraldi honetako Real onenak. Hortaz, ezaugarri horri bakarrik helduta, badirudi Melen aukera egokiagoa izan zitekeela.

Baina Moyes hautatu dute. Diotenez, eskoziarrak badaki bere jokatzeko eredua moldatzen. Ikusita Realeko jokalari gehienen ezaugarriak moldatu beharko du Melen eredurantz. Bitxia da eredu hori gustuko duena ez ekartzea, eta moldatu beharko lukeena ekartzea. Edo akaso, Moyesen eredura bikain moldatuko dira jokalariak, batek daki.

Bi entrenatzaileen bereizgarri horri tiraka, bitxia egin zait itxuraz hain eredu ezberdinak dituzten bi horiek hautagai izatea. Pentsatzen hasita, bailirudike beste zerbait dagoela Moyes hautatzeko orduan. Zer den azalduko baligute behintzat…