Motibazioa epaile

Egilea:

Data: 2012/05/05

Osasunak eta Realak derbia jokatuko dute  Sadar zaharrean gaur gauean (21:00), Ligako azken-aurreko jardunaldian. Europa jokoan dute gorritxoek; txuri-urdinek ahalik eta puntu gehien batzea.

Buruak agintzen du. Lepoaren gainekoak ezetz esaten badu, alferrik ahalegin guztiak. Baiezkoa esaten badu, oztopo denak gaindi daitezke.

Osasunakoen buruak baietz dio. Europan aritzeko aukera lor daitekeela, eta lortu egingo dutela. Realekoenak dio… zer dio Realekoen buruak? Auskalo. Ez baita erraz asmatzekoa, jokoan ezer izan gabe. Puntuak baino ez.

Horrela zelairatuko dira gaur Sadar zaharrera bi taldeak (21:00). Motibazioa gainezka batzuk, hainbesteko motibaziorik gabe besteak. Horrela azalduta, ematen du Osasunak aurkari erraza izango duela parean. Baina Realak erakutsi zuen asteazkenean Atleticoren zelaian gai dela lehiakorra izateko, ezer garrantzitsurik jokoan izan gabe ere.

Motibazioa aldatuz joaten da partidan zehar. Emaitzak agintzen du normalean. Gaur ere eragina izango du. Markagailuak zer itxura duen, batzuen eta besteen motibazioak gorabeherak izan ditzake.

Eta futboleko gainerako ezaugarriak? Horiek ere nahiko dute zerbait esan. Taktikoan, bi eredu ezberdin: etxekoen joko zuzena, kanpokoen joko ez zuzena. Ea zein gailentzen zaion besteari. Erritmoa ere kontuan hartu behar. Bizi aritzen da Osasuna, baina Realak ere badaki azkar jokatzen. Gora bota eta berriz zelaira eroriko da baloia hainbatetan, eta zeinek hartuko baloia, asko izango du irabazita; bigarren baloiak, alegia. Geldikako jokaldiak ere ezin ahaztu. Etxekoen erasorako grina baliatu dezake Realak kontraerasoan jarduteko. Eta beste hainbat aldagai ere ezin ahaztu.

Teknikoan, Osasunan jokalari bat nabarmentzen da: Raul Garcia. Lotu beharko du ongi Realak. Txuri-urdinek, baliabide gehiago dituzte alor horretan, Vela buru dutela.

Psikologia, taktika eta teknika. Hirurak ondoen lantzen dituena, garaile, fisikoan alde handirik ez delako egongo. Baina, lan guztien ama, motibazioa.