Montanier: “Hurrengo partida izaten da beti urteko neurketa”
Realeko entrenatzaileak biharko partidaren (Reala-Zaragoza, 18:00) inguruko prentsa agerraldia egin du goizean. Gogoeta interesgarriak plazaratu ditu.
Philippe Montanierrek asteko agerraldia egin du goizean, partiden aurretik egin ohi duena. Bihar, Realak Zaragoza izango du aurkari Anoetan (18:00), eta Normandiako entrenatzaileak gogoeta interesgarriak egin ditu.
Realeko twitter ofizialean bildu dituzte esanguratsuenak, eta hemen jaso ditugu:
- “Hurrengo partida izaten da beti urteko neurketa, eta gure kasuan, biharkoa da. Partida denak dira urteko garrantzitsuenak”.
- “San Mamesen galtzea pena izan zen, baina garrantzitsuena guretzat biharko partida da”.
- “Erdilari on asko dauzkat, eta nahiago dut hala izatea, eta arazoak edukitzea nor zelairatu aukeratzeko garaian”.
- “Konfiantza daukat biharko, eta espero dut Anoetan hartu dugun emaitza bolada onari eustea. Zaleek lagunduko digute horretan”.
- “Zaragoza lauzpabost jokalarirekin iristen da aurkariaren areara, eta kontuan hartzekoa da hori”.
- “Espainiako Ligako epaileen maila ona da, nahiz eta azkeneko partidetan zenbait erabaki kontrakoak izan ditugun”.