Mikel Labakak futbolari izateari utzi dio

Egilea:

Data: 2013/06/24

2004tik 2011ra Realeko lehen taldean aritu zen, eta azken bi denboraldietan, Rayo Vallecanon. 33 urte betetzear da.

Mikel Labakak (Azpeitia, 1980) adio esan dio futbolari bizitzari. Hala baieztatu dio uztarria.com atariari albiste honetan.

Azken hilabateetan buruan ibili duen aukera gauzatu du: “Lagatzeak gehiago motibatzen nau segitzeak baino, eta utzi egin dut”.

2004tik 2011ra egon zen Realeko lehen taldean erdiko atzelaria, eta azken bi denboraldiak Rayo Vallecanon egin ditu.

Bere hainbat datu hauek, uztarria.com ataritik hartuak:

Mikel Labakaren datuak

  • Jaio: 1980ko abuztuaren 10ean, Azpeitian. 32 urte ditu.
  • Zelaian postua: defentsa; zentral.
  • Lagun Onak-eko lehen taldean hamasei urterekin debutatu zuen. Azpeitiko taldetik Realera eraman zuten denboraldi hartan.
  • Realean gazteetan eta B taldean aritu ondoren, Irungo Real Unionen (Espainiako Bigarren B Maila) utzita jokatu zuen 2002-2003an.
  • 2003-2004an Murtzia Hirian aritu zen Realak utzita, Bigarren A Mailan.
  • 2004-2011 artean Realeko lehen taldean jokatu zuen. 2004ko urriaren 24an egin zuen debuta, Anoetan. Emaitza: Realak 2, Mallorcak 1. Aurreneko hiru denboraldietan taldea Lehen Mailan egon zen, hurrengo hiruretan Bigarren A-n eta 2010-2011n atzera Lehen Mailan.
  • 2011ko abuztutik Rayo Vallecanon ibili da, hark fitxatuta; Lehen Mailan.
  • Espainiako Lehen Mailan 111 partidutan jokatu du (Realarekin 88tan, Rayorekin 23tan). Golak: bost (Realarekin lau, Rayorekin bat).
  • 2001etik aurrera Bigarren A eta B Mailan eta Lehen Mailan Ligan eta Kopan 306 partidutan jokatu du. Golak: hamasei.