Mikel Jauregi: “Ez dago arlo guztietan ona den entrenatzailerik”
Mikel Jauregiri egindako elkarrizketaren bigarren zatian, taktika, entrenatzaileak eta jokatzeko ereduak izan ditu hizpide, besteak beste.
Zenbateko garrantzia dute lan taktikoak eta teknikoak, adibidez?
Garrantzia handia du. Ezin daiteke edozer gauza egin. Kalitatezkoa izan behar du lanak, hori ere bide ona delako jokalaria zeureganatzeko. “Hau ona da, badaki zertan ari den”, pentsatuko du jokalariak entrenatzaileari buruz. Txarla bat ematean, entrenamenduak onak izan badira, errazago helduko zara jokalariarengana.
Dena asmatuta al dago futbolean?
Ez, baina entrenatzeko moduak oso antzekoak dira. Jokatzeko ereduak dira ezberdinak. Baina hobetzeko tarte handiena lan emozionalean dago, hori dago gutxien landua. Zergatik jokatzen du jokalari batek ondo entrenatzaile baten aginduetara eta oso gaizki beste baten aginduetara? Jokalaria bera da! Lan emozionalean dago aldea. Jokalaria hasten da beste entrenatzaile batekin alderatzen oraingoaren lana, eta ze ondorio ateratzen dituen, desoreka emozionala sor diezaioke.
Entrenatzaileen ezberdintasunak kontuan hartzea funtsezkoa al da klub batek berea aldatzea erabakitzen duenean?
Dudarik gabe. Bartzelona koerentea izan da entrenatzaileak aukeratzen. Gauzak egiteko modu bat daukate. Kadete batek barneratu egiten du lehen taldekoen jokoa. Baloreetan ere bide bat erakusten zaie. Oso pertsona normalak dira Xavi, Iniesta eta Messi, eta hizketan entzuten diezunean, hori ematen dute aditzera. Horren atzean lan bat dago, urteetakoa. Futbol profesionalean oso zaila da hori. Bartzelona oilategia ere izan zen Nuñezen garaian, eta orain, irabazten ari direnean, ez dago batere arazorik. Galtzen hasten direnean ikusiko dugu zer jarrera izaten duten, futbol profesionala oso zaila baita. Ez dago lasaitasunik eta denborarik erabakirik hartzeko. Entrenatzailea kalera bota eta kito! Berdin zaie entrenatzaileak ezberdinak izatea izaeraz.
Valentzian oso ohikoa da hori, adibidez.
Bai. Unairen ondoren, Mauricio Pellegrino fitxatu zuen presidenteak, berak hala nahi izan zuelako. Izaeran ez dute zerikusirik Unaik eta Pellegrinok. Ezta honek eta Valverdek ere. Garrantzitsua dela? Ez dakit. Aztertu egin behar da. Ezin da entrenatzaileak aldatzen ibili, diskurtsoak aldatzen ibili… jokalariak ez dira xakeko piezak, pertsonak dira, eta hori oso kontuan hartu behar da. Realean ere gertatu zen Bigarren mailara jaitsi aurretik. Tsunami bat zegoen emaitza txarren eraginez, eta koerentzia galdu zuen klubak, ez zuen izan lasaitasunik erabakiak hartzeko. Orain bai, orain bueltatu da koerentzia. Bigarren mailara jaistea agian ondo etorri zaio klubari. Gauzak erlatibizatzea beharrezkoa da. Talde bati eskatu behar zaio egin dezakeena, ez egin ezin dezakeena. Lanari balioa eman behar zaio.
Lana aipatuta eta Realarekin lotuz, orain hasi al da azaltzen Montanier egiten ari den lana?
Talde ona dauka, eta emaitzak hor daude. Jokalariak ere pozik daude berarekin, eta funtsezkoa da hori. Zenbait arlotan huts egitea leporatzen dio jendeak. Gogoan dut behin zer esan zuen Del Bosquek kontu horren inguruan: “Ez dago entrenatzailerik arlo eta perfil guztiak menderatzen dituena”. Jokalarien ezaugarriak kontuan hartu behar dira entrenatzailea aukeratzerakoan. Bakoitzak bere arloa menderatuko du ondo, baina dena ez. Eman balio dauzkazun jokalariei. Kontuan eduki entrenatzailea aukeratzerakoan. Analisiak egiterakoan zehatza izan behar duzu, eta ez hartu kontuan aldaketak gaizki egiten dituela eta horrelakoak; zerbait egingo du ondo, eta hori ere kontuan eduki.
Zehaztasun hori ez da ba asko ikusten futbol profesionalean, ezta?
Ezta batere. Nik uste nuen analisiak zehatzak izaten zirela, erabakiak ondo pentsatu ondoren hartzen zirela, baina bai zera! Justu kontrakoa gertatzen da. Pertsonen egoera animikoaren arabera hartzen dira erabakiak: txistua jotzen badiote presidente bati, aurretik pentsatua zeukan guztia aldatu egiten du. Beroan hartzen dira erabakiak, eta ez hotzean. Bakoitzak bere burua salbatu nahi du, presidenteak, entrenatzaileak, jokalariek… Betikora bueltatzen naiz: sentimenduak dauzkagu, bakoitzak bere egoera pertsonalak dauzka, eta eragin handia dauka horrek. Futbolean, pozik egon ala triste egon, jokalariaren maila aldatu egiten da; konfiantza duen edo ez oso garrantzitsua da baita ere. Hori da gakoa, pertsona tratatzen jakitea. Lortu daiteke. Ezin da zehaztu, ezin da neurtu, baina lor daitekeela sinetsi behar da, eta lana egin behar da. Horixe da nire pasioa orain. Jokalariaren borondatea nola hobetu, hor egin behar dugu onera, borondatea baita beste guztia mugiarazten duena. Hori lortzen badugu, jokalari hori gure alde egongo da, nolabait esateko.