Merezi duzulako, maisu

Egilea:

Data: 2012/11/11

ATHLETIC-SEVILLA (gaur, 16:00)
Bielsaren atzoko prentsaurreko gogoangarriak segida izan behar du gaur ,hiru puntuak lortzeak emango duen gozotasunerekin.

 

Futbola abiada bizian doa, bizitza eta gizartea bera bezala. Eta emaitzen diktaduran, oharkabean igarotzen dira hainbat gauza eta egoera interesgarri.

Etxe ondoan bizi genuen atzo egoera horietako bat. Duela urte eta erdi idatzi nuen Marcelo Bielsa Euskal Herrian lanean aritzea luxua zela guretzat. Atzo ere erakutsi zuen zergatik. Beste ikasgai handi bat eman zigun denoi, futbolean gauza batean edo bestean ari garen guztioi.

Gaurko Athletic-Sevilla partidaren atariko prentsaurrekoan izan zen. Buruan ondo gordetzeko hausnarketak egin zituen. Eta bihotzean ere bai, futbolean ere bihotzak lekua izan behar duelako (eta ez bakarrik nork bere taldeari lekua egiteko bakarrik).

Atzo esandakoei lekua egingo diet partidaren atarikoa behar zuen honetan. Baina nik esandako kontu lehorrak baino aberasgarriagoa izango zaizu Bielsari entzutea, irakurriz bada ere:

  •  “Jokatzeko ereduek ez daukate plan alternatiborik: ondo egiten dira edo gaizki egiten dira. Denbora asko behar da eredu bat eraikitzeko, eta oztopoen eta egoera txarren aurrean beste eredu bat erabiltzea hastea bada alternatiba, ezinezko konponbidea litzateke. Sekulako lana egin behar da eredu bat eraikitzeko, eta nire ustez, ezin dira ereduak egun batetik bestera aldatu”.
  • “Lana egiten dut egunero bizi osoa bertan geratuko banintz bezala”.
  • “Oso zaila da nik borrokatzeari uztea. Ez dut harrotu nahi horrekin, izan ere, indar hori ez dut izango akaso erakusteko beharra dudanean, baina oztopen aurrean beti egiten dut borroka. Eta badakit nola egiten zaien aurre oztopoei: bakarrik eta inoren laguntzarik gabe. Izan ere, galtzeak egoera desatseginak sortzen ditu, eta normala da jendeak alde egitea galdu duenaren ingurutik. Kasu honetan, nire lana da proiektu honen buru izatea, jendeari ilusioa kentzen ari zaion proiektu honen buru izatea”.
  • “Berezko jarrera da jendea nazkatuta egotea”
  • “Aurreko partidan, jendeak ez zien txistu jo aldaketeei. Niretzat ziren txistuak, ni bait naiz bolada txar honen arduraduna. Eta ez naiz pozten horregatik, baina justizia egiten dela uste dut. Izan ere, txistuak bat datoz jendearen haserrea eragiten duen ilusiorik gabeko momentu honekin”.
  • “Aldagelako filtrazioak izan zirenean, ni izan nintzen ondo geratu zena. Jendeak erakutsi zidan hala izan zela: balioa eman zioten galdu eta gero adierazi nuenari. Baina balioa eman zioten inoiz publiko egin behar ez zuen zerbaiten ondorioz. Haragi pozoitua izan zen, eta esperientzidun edozein profesionalek badaki, gertaera hura (lapurreta izan zen gertaera hark) bere lekuan jarriko duela patuak”.
  • “Futboleko klub batean entrenatzailea da garrantzitsuena. Nik boterea daukat entrenatzaile bezala, eta oso agerikoa da ez dudala ondo erabili”.
  • “Oztopoen aurrean, egoera txarretan sentitzen dut barrenean indarrik gehien. Eta egoera txarretan badakit bakarrik egoten”.
  • “Denak begiratzen diegu eta ondo begiratu ere irabazleei, baina begiratzea merezi dutenak hauek dira: egoera txarrean dabiltzanak. Futbolaz oso jende gutxik daki, baina jende askok ematen du iritzia”.
  • “Talde hau iazkoa baino hobea da, ez da dudarik. Baina nik ez dut lortu iaz lortu nuena: jokalari bakoitzak bere mailarik ia onena ematea denbora luzean. Horrek bereizten du entrenatzaile baten lanaren eraginkortasuna”.
  • “Nire ustez, entrenatzaile onena ez da txapeldun geratzen dena. Onena da jokalarien abilezien eta gaitasunen proportzio handiena ateratzen duena”
  • “Oso ohitua nago komunikabideen erasoetara. Esaten dute biktimaren lekuan jartzen naizela. Baina hori esaten didate nik esaten dudanari ez diotelako baliorik ematen: baliabide guztiak dauzkat egoera hau ez gertatzeko. Orduan, egoera horren erantzuletzat jotzea neure burua inoiz ezin da izan biktimista. Erasotzen naute eraso behar ez nauten lekuan: zehaztasunik ezaz hitz egin beharko zuten, profesional baten zehaztasunik ezaz”.

 Gaurko garaipenak zuretzat izan behar du, maisu.