Mendilibar: “Lehen zatian ez gara egon”
Osasunak partida erdia bakarrik jokatu zuen taxuz Sevillan, atzo, eta galtzaile izan zen (2-0).
Mendilibarren arrazoi. Asteon sekulako entrenamendu onak egin dituztela-eta, entrenatzaileak gogoeta utzi zuen ostiralean: “Ondo dago hori, baina gero, partida txar askoak joka daitezke”. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Osasunari atzo, Sevillan. Galdu egin zuen, eta ondo jokatzetik aparte ibili zen (2-0).
“Lehen zatian ez gara egon”, esan zuen entrenatzaileak prentsaren aurrean. Ez, ez zen egon Osasuna. Baloiari ezin mugimendurik eman, eta defentsako lanean ere deseroso. Gainera, Sevillaren lehen golak (Medelek, 16. minutuan) gehiago arriskatzera behartu zuen taldea, eta goian presionatzeko aukerak etekin gutxi eman zuen; aldiz, atzean zulo gehiago utzi zituen, eta etxekoek ia erabakita utzi zuten neurketa lehen zatian. Aukera dezente sortu zituzten.
Bigarrenean, aldatu egin zen Osasuna. Sevilla pixka bat atzerago sartu zen, kontraerasora jokatzeko, eta baloia hobeto mugitzen hasi ziren nafarrak. Gainera, galdutakoan, presioa ere ondo egin zuten, eta izan zituzten golak sartzeko aukerak. Baina Palop bikain aritu zen denetan. Azkenean, kontraerasoan, etxekoek bigarrena sartu zuten (Trochowski, 89. minutuan).
Partidako fitxa, hemen, Osasunaren web gunetik hartua.
Mendilibarren adierazpen batzuk
- “Korrika egin dugu, baina bururik gabe”.
- “Bigarren zatian gauzak egin ditugu, eta hori eskatu behar zaio taldeari”.
Michelen adierazpena
- “Merezita irabazi dugu. Taldeak oreka eduki du, baloiaren jabe izan da”.
Bideo honetan dituzue ikusgai partidako golak:
http://www.youtube.com/watch?v=iuLe3vS8Mdk