Mendekuaren aurpegiak
MUNDUKO KOPA 2014 URUGUAI 1 / ITALIA 0
- Uruguaik azken unean lortu du gola, eta horrekin sailkatzea final 1/8etarako.
- Prandelli, Italiako entrenatzaileak, dimisioa eman du.
- D multzoan Costa Rica izan da onena, gaur puntua aterata Ingalaterraren aurka (0-0).
- Iragana, urrun samarrekoa, gaur azaldu da Uruguai-Italia partidan. Mendeku historikoak, pertsonalak eta futbolaren bihurrikeriak. 1990eko Munduko Kopa, Italian. Final-zortzirenak jokoan. Italia eta Uruguai aurrez aurre. Uruguaien aulkian, gaur bezala, Oscar Washington Tabarez. 2-0 irabazi zuen Italiak, Serena eta Schillaci golegile. Arantza sartua ordutik Tabarezek. Gaur atera du. Mendekuaren aurpegietako bat izan da. Historikoa Uruguai herrialde bezala hartuta, eta Tabarezena, pertsonala.
- Futbolaren bihurrikeriak ere egin du tartea gaur. Italia hau erabat iraulita dago urteetan selekzioak izan duen ereduarekin. Atzean utzi du defentsako lan zurruna, ‘catennaccio’ ezaguna, eta Prandelliren arbelak baloiaren jabetzaren baitan antolatu du taldea. Historian zehar, zenbat eta zenbat garaipen lortu ote zituen Italiak zurruntasunean oinarrituta… Bada, gaur, Uruguai izan da Italia zurrun hura, garai batekoa, eta italiar eredu haren ezaugarri batzuk beretzat hartuta Italia berritu hau kalera bota du.
- Jokoa itsusia izan da. Beldurra galanta elkarri, batetik, eta bestetik, Uruguairen eredu zurruna, lotua, estua. Bi taldeek bost jokalari jarri dituzte atzean defentsako lanean. Erasoan, Italia baloiaren jabe eginda, baina arriskuak tamainan hartuz; berdinketa nahikoa zuen aurrera segitzeko. Uruguai berean, defentsan eutsi, eta joko zuzenagoa egin nahian, Suarez goian bakar antzean utzita. Arriskurik ez Muslera eta Buffonentzat.
- Horrela zihoan partida. Ez da aldatu minutuen joanean. Halako neurketetan askotan gertatzen den bezala, geldikako jokaldi bat izan da erabakigarria. Godinek, nork bestela, bizkarrarekin edo sorbaldarekin jo dio baloiari, korner batean. 81. minutua zen. Aurretik, hogei minutu lehenago, beste mugarria: Marchisiori txartel gorria atera dio epaileak, Arevalo Riosi ostikada eman diola eta. Uruguai defentsako presioa goian egiten hasi da ondoren, eta Italia atzerago sartu du. Baina aukerak apenas. “Geldikako jokaldian aurkitu dugu zuloa”, esan du Tabarezek prentsaurrekoan. Mendekua, berea eta herrialde oso batena, ixteko zuloa. 24 urte geroago.
- Bukatzeko, Luis Suarezen bi aurpegiak. Honek ere mendekua du odolean sartuta, eta txarrerako ateratzen zaio batzuetan. Gaur ere horzkada egin dio Chielliniri sorbaldan, bere garaian Chelseako Ivanovici egin zion bezala Liverpoolekin jokatzen ari zela. Itsusi Suarez. Zigorra jaso zuen, gogorra eta ez du ikasi. Epaileak ere ez du ikusi, eta gaitzerdi berarentzat. Edo FIFAk zigortu egingo du?
- Eta azkena: Prandellik dimisioa eman du. Galera handia Italiako selekzioarentzat, eredu berri baten aldeko apustua egin duen entrenatzaileak agur esan baitu. Talderen batek eskertuko du entrenatzaile handi honen aldeko apustua egiten badu.