Meategiak: leku arriskutsuak

Egilea:

Data: 2012/03/28

Athleticek bihar jokatuko du Europako Ligako final-laurdenetako joanekoa Schalkeren zelaian (21:05).

Ametsen antzokitik meategira. Ingalaterratik Alemaniara. Manchesterretik  Gelsenkirchenera. Lehoiek Europan barrenako txangoan segitzen dute. Bukaresten du helmuga denboraldi honetako bidaiak, eta Bilbora gerturatu nahi dute Errumaniako hiriburua.

Pausoz pausoz egiten dira bidaiak. Pauso irmoekin. Orain arte, halaxe doaz lehoiak. Oraingoan ere halaxe egin beharko dute lan, alemaniarren berezko sendotasuna eta irmotasuna gainditzeko.

Meategien lurraldea da Schalkeren eremua. Leku arriskutsuak dira edonorentzat. Lehoientzat ere bai. Aurreko txangoko antzokiak sona handiagoa zeukan, baina meategiak arrisku handiagoa ez ote daukan…

Meategian barrena abiatu eta gero, atzealdean geratuko zaie lehoiei irteerako atea. Zulotik ateratzeko bide bakarra. Aurrealdean, iluntasuna eta arriskua ugaritu egingo zaie. Atzealdea du ahuldade meategiak; aurrealdea, indargune.

Lehoiak ez dira kikilduko. Ausart sartuko dira zulo beltzean, eta hor hasiko da borroka. Meategiak ez dio nahiko utzi ateratzen. Bertan nahi ditu preso lehoiak. Lehoiek atea aurkitu beharko dute, alemaniarren esparru ahulena. Meategian barrena gehiegi sartuz gero, alemaniarren aurrealdearen mende geratzeko arriskua edukiko dute.

Han bizi dira Raul, Huntelaar, Farfan, Draxler eta gainerakoak. Beldurgarriak oso. Samurragoak dira atzealdea zaintzen duten Papadopoulos eta Matip, esaterako.

Lehoietan ere indarra aurrealdean dago. Talka handia izango da. Eta meategia eztanda egoteko zorian izango da bihar. Leherketak ez ditzala lehoiak azpian harrapatu.


http://www.youtube.com/watch?v=txKbPIJLGms

Gainerako partidak

Metalist-Sporting Lisboa (bihar, 21,05)
AZ-Valentzia (bihar,21:05)
Atletico-Hannover (bihar, 21:05)