Meategia lehertu dute
Athleticek beste garaipen handi bat lortu zuen atzo Europako Ligan, Schalkeri irabaziz (2-4), eta datorren ostegunean lotu behar luke finalerdietara sailkatzea.
Lehoiek amets egin zuten antzokian. Elegantziaz eta dotore.
Lehoiek zartarazi egin dute meategia. Dinbi eta danba.
Bi garaipen handi Europan, bi garaipen ezberdin.
Ondorioa: Europako Ligako finalerdietan jokatzea oso gertu dauka Athleticek.
Atzokoa berezia izan zen. Partidaren bilakaera ikusita, ezustea. Izan ere, Schalkek erakutsi zuen Manchester Unitedek baino lan gehiago emango diola. Eman zion atzotik bertatik. Bigarren zatian, 2-1 irabazten jarri zirenean alemaniarrak, batek baino gehiagok pentsatu zuen kanporaketa atzo bertan galtzeko arriskua zegoela.
Bultza eta bultza ari ziren alemaniarrak, eta Athletic ezinean. Baloia usaindu gabe, jai dauka eta. Arnasa hartzen ere ez zion uzten, eta Bielsak nahi ez duena ari zen gertatzen: jokoa Athleticen zelaian ari zen gauzatzen.
Baina gerora etorriko zenaren zantzuak azaltzen hasi ziren. Alemaniarren zelaian, bere atzelarien eta atezainaren artean, zulo handia zegoen. Kontraerasoa egiteko pagotxa. Schalkek ez zuen asmatu lehoiak akabatzen, eta lehoiek azken orroa egin zioten. Bortitza eta luzea. Hiru gol iraun zuen.
Azkenean, kanporaketa ia erabakita, datorren ostegunekoa jokatu aurretik ere (2-4).
Bideo honetan, atzoko golak:
http://www.youtube.com/watch?v=PfsvWzYhhug