‘Maracanaço’-aren errepikapena

Egilea:

Data: 2014/06/26

MUNDUKO KOPA 2014 

Historian atzera joan zaigu Dabi Piedra: 1954ko Munduko Kopako finalera. Lau urte lehenago gertatu bezala, ezustea izan zen final hartan ere. Ez zuen faborito nagusiak irabazi…

´Maracanaço´ izenarekin historiara pasa den gertakizuna 1950eko Munduko Txapelketako unerik ezagunena da. Rio de Janeiro hiriko Maracana futbol zelaia lepo beteta zegoen, 200.000 ikuslerekin, txapelketako finalaren egunean. Denek ziurtzat jotzen zuten etxeko taldeak, Brasilek, irabaziko zuela, baina Uruguai 2-1 gailendu zen eta izugarrizko atsekabea eragin zuen sambaren herrialdean. Jules Rimet FIFAko orduko presidenteak, erdi-ezkutuan eman omen zion garaikurra Uruguairi, Brasilen garaipenerako prest zeukan hitzaldiaren gidoia poltsikoan gordeta zuela. Lau urte geroago, Suitzako Munduko Txapelketan, antzeko ezustekoa eman zuen Alemaniak, Hungaria ahalguztidunari finalean irabazita.

Fritz Walter eta Ferenc Puskas, Alemania eta Hungariako kapitainak hurrenez hurren, elkarri bostekoa ematen, William Ling epailea begira dutela.

Hungaria, 50eko hamarkadaren hasierako talderik onena zen. Hungarieraz, Aranyacsapat esaten zioten, alegia, Urrezko Taldea. Talde Miresgarria ezizena ere eman zioten. Ferenc Puskas, Sandor Kocsis, Nandor Hidegkuti, Zoltan Czibor, Jozsef Bozsik eta Gyula Grosics ziren taldearen oinarria, denak ere futbolaren historian leku distiratsua duten jokalariak. Hungariaren joko itogarriak ez zion aurkariari inolako aukerarik uzten eta, aurrealdean zeukan talentuari esker, emaitza harrigarriak lortu zituen. Esate baterako, Wembley mitikoan egurra eman zion Ingalaterrari, 3-6. Suitzako Munduko Txapelketa ere halaxe hasi zuten hungariarrek, 1954ko ekainean: Koreari 9-0 eta Mendebaldeko Alemaniari, 8-3. B Multzoan, Hungaria sailkatu zen lehenego lekuan eta Alemania, bigarren.

Suitzako Munduko Txapelketaren formatua aldrebesa zen, ordea. Multzoetako txapeldunek elkarren kontra jokatu zuten, finalean leku bat jokoan zutela. Beste finalista, bigarren sailkatutakoen artean erabaki zen. Hala, Hungariak, partida gogorrak eta aurkari bikainak gainditu behar izan zituen Bernako finalera iristeko. Brasilen aurka jokatu zituen final- laurdenak, ‘Bernako gudua’ legez ezagutzen den partidan. Joko gogorra, istiluak eta borrokak izan ziren partida osoan, baita ondoren ere, aldageletan. Epaileak hiru jokalari egotzi zituen. Hungariak 4-2 irabazi zuen baina lur jota amaitu zuen. Finalerdietan, gainera, Uruguai, jarduneko txapelduna zuen zain. Luzapena jokatu behar izan zen eta horrek hungariarren nekea areagotu zuen. 4-2 irabazi bai, baina finalera kili-kolo heldu ziren.

Mendebaldeko Alemaniak, aldiz, kanporaketa lasaiagoak izan zituen finalera bidean, Jugoslavia (2-0) eta Austriaren (6-1) aurka. Hala ere, Bigarren Mundu Gerrak txiki-txiki utzitako Alemaniarentzat, sari potoloa zen finalean egotea. Hungaria faboritoa zen (gogoan izan, lehenengo fasean 8-3 irabazi zietela alemaniarrei). Baina, uztailaren 4an, Bernako Wankdorf estadioan, ‘Bernako miraria’ izenaz ezagutzen dena gertatu zen. Euripean, alemaniarrek 3-2 irabazi zuten eta, lau urte lehenago Brasilen gertatu bezala, pronostiko guztiei buelta eman zieten. Hasi eta berehala, Hungariak bi gol egin zituen (Puskas eta Cziborrek), baina Mendebaldeko Alemaniak markagailua orekatu zuen berehala (Morlock eta Rahn-ek). Hurrengo ordubetean, Hungariaren erauntsiari kemen handiz eutsi zion germaniarren defentsak, harik eta 84. minutuan, miraria gauzatu zen arte: Helmut Rahnek baloia sarean sartu eta garaipena eman zion bere taldeari. Puskas hungariarrari gol bat balio gabe utzi zioten azkenenego minutuan, jokoz kanpo zegoelako, eta ez zen gehiagorako astirik izan. Hungaria, munduko talderik onena, Munduko Txapelketarik gabe etxeratu zen eta Alemaniak lehenengoa poltsikoratu zuen (gaur egun, hiru dauzka eta Brasilen laugarrena nahi du).

Hungariako futbol selekzioak, 1950 eta 1956. urteen artean, 42 partida irabazi zituen, zazpi berdindu eta bakarra galdu, Munduko Txapelketako finala, hain zuzen. 1956ko Iraultzaren eraginez, jokalari askok erbesterako bidea hartu zuten eta Urrezko Taldea betiko desegin zen.