Mali edo Ginea: bietako bat izango da final-laurdenetara sailkatzen azkenekoa
Beste selekzio hauek egin dute aurrera Afrika Kopan: Zambiak, Ekuatore Gineak, Boli Kostak, Sudanek, Gabonek eta Tunisiak.
Afrika Kopako lehen fasea gaur amaituko dute D multzoko azken jardunaldia jokatuz, eta final-laurdenetara zein selekzio sartuko den zehaztuko da. Izan ere, multzo horretan, Ghana sailkatuta dago, eta falta den taldea Mali edo Ginea izango da.
Bi selekzioak 3na punturekin daude berdinduta, baina Ginea aurretik da, golen aldeagatik. Gaurko partidak hauek dira:
- Botswana-Mali (19:00, Libreville)
- Ghana-Ginea (19:00, Franceville)
Final-laurdenetako bi partida zehaztuta daude
Otsailaren 4an, larunbatean hasiko dira final-laurdenak jokatzen, eta bi partida zein izango diren jakina da:
- Zambia-Sudan (17:00, Bata)
- Boli Kosta-Ekuatore Ginea (20:00, Malabo)
Beste bi partidak igandean jokatuko dituzte, eta zein izango diren gaur jakingo da, baina honela gurutzatuko dira C eta D multzoko sailkatuak:
- Gabon-D multzoko bigarrena (17:00, Libreville)
- D multzoko lehena-Tunisia (20:00, Franceville)
Multzoen azken faseko partida interesgarriena Gabonek eta Tunisiak jokatu zuten, C multzoko lehen postua jokoan, eta Gabonek irabazi zuen, Aubameyangek sartutako golari esker (62. minutuan). Hemen gola:
http://www.youtube.com/watch?v=k6H4cEXf2Vs
Angolako entrenatzailea kargutik kendu dute
Lehen faseko emaitzak hasi dira ondorioak eragiten, eta Angolako selekzioak entrenatzaile berria izango du laster. Izan ere, bertako federazioak kargutik kendu du Lito Vidigal, multzoen fasea ez gainditzeagatik.