Maite nau, ez nau maite, maite nau…

Egilea:

Data: 2012/06/16

EUROKOPA 2012

Ingalaterrak Suedia menderatu du (3-2), D multzoko bigarren jardunaldian.

  • ‘Partida eroa’ idazteko modukoa. Baina ez, eroa baino txoroa. Ingalaterra eta Suedia urruti dabiltza Europako elitetik, eta bien gabeziak ondo agerian geratu dira.
  • Gol asko izateak ez du esan nahi beti ikuskizuna izan denik. Bi talde ez hain onen artean, zaila da ikusgarritasuna azaltzea. Gaitzerdi bost gol sartu dituztela, begien gozamenerako bada ere.
  • Garaipenaren lorea eskuan hartuta ibili dira bi taldeak, baina ondo gorde beharrean, zalantzak sartu zaizkie: maite ote nau, ala ez?, eta halakoetan gertatu ohi da edozein izan daitekeela erantzuna. Ingalaterrari tokatu zaio maitasuna, baina izan zitekeen Suedia.
  • Maitasun kontuekin segituz, Ibrahimovicena zer da selekzioarekin? Beti dabil bekozkoa jarrita, “ni naiz ona, baina zuek…” pentsatuz bezala, taldekideak buruan. Ez du gozatzen, eta gozatzen ez badu, ez du onena ematen. Dena egin nahi izaten du, ‘kornerra atera eta berak egin errematea’ irudiaren bidez azalduz berekoikeria. Ona dela ezin da ukatu, eta selekzioko onena dela ere bai. Baina beste aldartea batean behar luke jokatu.
  • Ingalaterrak hiru puntu gozo atera ditu; lau dauzka. Suedia etxera, aldiz, alerik batu gabe. Ukrainak neurtuko du ingelesen balioa azken jardunaldian, eta Rooneyk jokatuko du orduan, zigorra beteta. Dena beharko du Hodgsonen taldeak.