Maisuak badu bere eskola

Egilea:

Data: 2015/04/21

Marcelo Bielsa ekarpen handia ari zaio egiten futbolari, jokatzeko berezko era eman diolako. Gainera, eredu hori segida ari da izaten, hainbat entrenatzaile dabilelako argentinarraren bideari segika.

Futbola historian zehar izaten ari den bilakaera neurtzeko hainbat irizpide erabiltzen da, eta horietako batean biltzen dira jokatzeko ereduak. Azken hamarkadetako bilakaera hiru mugarri handiren baitan zehazten da: Herbehereen jokatzeko era, Rinus Michels entrenatzailearen lanean oinarritua; Arrigo Sacchik Milan handi hartan ezarri zuena da bigarrena; eta hirugarrena, Pep Guardiola eta bere Bartzelona paregabea. Bidea egite horretan laguntza ezinbestekoa izan dute hirurek garaipena. Irabazle izan behar dela ematen du jokatzeko eredu bati mugarri titulua emateko.

Entrenatzaile batek futbolari egin liezaiokeen ekarpenik handiena da jokatzeko era bat eredutzat jartzea eta beste batzuek jarraipena ematea. Bada eredu horien artean bidea egiten ari den beste bat azken urteetan: Marcelo Bielsarena. Esan liteke ez dagoela ageri-agerian; besteak beste, titulu handiren bat irabaztea falta izan zaiolako. Garaipenen bidez bakarrik eredu bat eredu den zehaztea ez da bidezkoa, eta Bielsarenak ederki azaltzen du irabaztearen argi distiratsuetatik aparte ere egin daitekeela ekarpen handia.

Asko ari zaio ematen futbolari Athleticeko entrenatzaile ohia. Isil-isilik eta lanean serio demonio. Orain gutxi arte, orain dela urte gutxi batzuk arte, berarekin bakarrik lotzen zen eredu hori. Euskal Herriko futbolak zorte handia izan zuen bertatik bertara ezagutu ahal izan zuelako zein den Rosarioko (Argentina) entrenatzailearen eredua. 2011-2012 denboraldiko Athletic hura zaleen gogoan ondo iltzatuta geratu da, baina ez zuen koparik altxa, eta ematen du han geratu zela, han hasi eta hantxe bukatu zela eredu ikusgarri hura.

Hemen bertan loraldi gozoa izan zuen Bielsaren ereduak, eta Europa osoa liluraz begira jarri zitzaion Athletic haren jokatzeko era ikusgarriari so. Baina joan zen Bielsa, eta eraman zuen berarekin bere jokatzeko era berezko hori. Bertako entrenatzaile askok goraipatu zuen eredu hura, baina praktikan, jarraitzailerik apenas izan duen; ez behintzat goi mailako futbolean.

Bestelako kontu batzuk izan dira, ordea, bere jaioterrian, Argentinan. Han bai, han sortzen joan da Bielsaren jarraitzaile andana, eta maisuari gertatzen ari zaion bezala, oharkabean bezala sortu dira lore berriak. Jarraitzaile horietako gehienek zuzeneko lotura izan duta Bielsa berarekin: bere lan taldean arituak dira, edota Bielsa bera izan zuten entrenatzaile. Zerrenda luzea da, eta azken urteetan luzatzen ari da, gainera.

Talde handienetako batean lanean aritzeko aukera izan zuelako, sona gehien Gerardo ‘Tata’ Martinok izan du. Bartzelonako entrenatzaile izendatu zutenean aurreko denboraldian, leku askotan nabarmendu zen Bielsaren ereduaren jarraitzailea zela. Bartzelonan beste bide bati heldu behar izan zion, oso zaila delako plaza horretan oso berea ez duten beste eredu bat ezartzea. Baina Bartzelonan azaldu aurretik, bere betiko taldean, Newell’s Old Boysen ezarri zuen Bielsaren jokatzeko eredu bizi, ausart eta ikusgarria. Liga irabazi zuen, eta Libertadores Kopan, finalerdiak harrapatu zituen egun Argentinako selekzioko entrenatzaile denak. 2013an izan zen hori guztia. Martinok Bielsa izan zuen entrenatzaile Rosariokoak lehen aldiz Newell’s zuzendu zuenean, 90eko hamarkadaren hasieran.

Argentinako titulua jokoan zela, 1991n, Boca Juniorsi 1-0 irabazi zion Bielsaren Newell’s hark, eta golaren jokaldian, Martinoz gain maisuaren jarraitzaile lehiala den beste batek hartu zuen parte: Eduardo Berizzok sartu zuen gola, egun Celtako entrenatzaileak, Martinoren erdiraketa baliatuz.

Bielsaren baitan hasia zen josten orain azaldu den eskolarena, bere jarraitzaileena. Berizzoren lana orain egin da ezagun, hemen gertu ari delako lanean. Orain jakin da Bielsaren jokatzeko ereduaren antzekoa darabilela. Inor ez da harritu lotura horretaz, Berizzoren biografian badelako Bielsarekin lotzen duen beste mugarri bat, Newell’seko hartaz gain: Bielsaren laguntzailea izan zen Txileko selekzioan, 2007tik 2010era. Maisuaren albo-alboan aritu ahal izan zuen ikasten ikasleak.

Bielsak zuzendu dituen beste bi jokalari eta bere jarraitzaile bihurtu direnak Mauricio Pocchettino (Tottenham) eta Marcelo Gallardo (River Plate) dira. Berriki irabazi du Riverrek Hegoameriketako Kopa.

Sampaoli, Dario Franco…

«Gustatzen zait nola ari den jokatzen River hau, eta Bielsa ere ari da bere ideia ezartzen Frantzian». Hitz hauek Jorge Sampaoli argentinarrak esanak dira. Txileko selekzioko entrenatzailea da, eta Munduko Kopa ona jokatu zuen iaz. Bielsaren jarraitzailea da hau ere, eta berarekin aurretik lotura izan ez duen bakanetako bat da. Badira beste batzuk ere: Dario Franco (Defensa y Justicia), Javier Torrente (Bielsaren laguntzailea Olympique Marseillan), eta Athleticen laguntzaile izan zuen Claudio Vivas, esate baterako.

Zerrenda luzea da. Luzatzen ari da. Eta etorriko dira gehiago. Bielsaren ekarpena ez da geratuko Michels, Sacchi eta Guardiolak egindakoaren alboan, eta ez da bidezkoa izango hala gertatzea, Bielsa asko ari zaiolako ematen futbolari. Eskola sortu du, eta entrenatzaile baten lana neurtzeko tituluak bezain fidagarria da hori.

EGILEAREN OHARRA: erreportaje hau BERRIA egunkarian atera nuen urte honen hasieran.