Mailua eta pikotxaren zorroztasuna

Egilea:

Data: 2013/09/17

TXAPELDUNEN LIGA

Xakthar Donetsk izango da gaur Anoetan, lehen jardunaldian (20:45). Naxari Altunak Ukrainako klubaren ibilbide historikoa aztertu digu.

Darijo Srna Shakhtar Donetsken ikurra da. Jokalaria baino gehiago. Arima. Kapitain handiak alboko sakea egin zuen eta gero baloia berak jaso, eskuin aldean. Sporting Bragaren area ertzean zen jokaldia. Hondoko marratik erdiratu zuen eskuin hegaleko aiztoak, baloia arearen mutur batetik bestera eramanez; eta beste aldean, hegaleko bere parekidea azaldu zen: Ravzan Rat errumaniarra. Baloia ezkerrez astindu zuen beste ertzeko atzelariak. Eta gola sartu. Shakhtarren gola. Rat korrika atera zen, zoro moduan. Mircea Lucescu entrenatzaileak, bien bitartean, aurrez prestatutako jokaldia zela irudikatu zuen keinuz. Talde-lana. Izarrak itzalean geratu ziren. Denen ahotan dabiltzan brasildarrak.

Partida amaieran ospakizun berezia. Rat golegileak besoak gurutzatu zituen. Ez zen nolanahiko irudia. Harmailetan, zaleen bandera laranjek keinu hori margotua dute. Beltzez. Ikatzaren beltza, mailua eta pikotxa gurutzatuz. Donbass eskualdearen nortasuna irudikatu duen ikurra da, futbol taldea 1936an Stakhanov Stalino izenarekin sortu zenetik.

Aleksei Stakhanov Donbass eskualdeko meatzaria zen. Behin, langile eredugarriaren saria eman zion SESB ohiko gobernuak, egun bakarrean inoizko ikatz kantitaterik handiena pilatu zuela eta. Hortik dator Stakhanovista hitza; langile porrokatuei erantsitako deitura.

Donbass eskualdeko hiri nagusia da Donetsk. Errusiatik oso gertu. 2004an, Iraultza Laranjak Ukrainan eztanda egin zuenean, kinka larrian zeuden hango meategiak. Egoera politikoa oso nahasia zen: Viktor Yushchenko, mendebaldera zabaltzeko grinarekin batetik; Viktor Yanukovich, Errusia zalea, bestetik, nor baino nor. Borroka zikina. Hauteskundeetan iruzurra salatu zuen Iraultza Laranjak, eta azkenean Yanukovich eskuhutsik geratu zen. Baina Donetsken bera nabarmendu zen. Donbass eskualdea Errusia zalea baita. Errusiera da bertako hizkuntza nagusia eta egungo Presidente Yanukovichek botere ekonomikoaren babesa izan du beti.

Rinat Akhmetov Shakhtar Donetskeko presidente da. Gaztea. Diruduna. Enpresari boteretsua. Viktor Yanukovichen alderdikide honek eragin handia dauka Donbass eskualdeko gizartean. 1996az geroztik da Shakhtar Donetseko burua, Akhat Bragin, atentatu batean zendu zen aurreko presidentearen lekukoa hartuta. Agintari berriak kluba eraldatu nahi zuen, modernizazioan murgilduta. Julius Aghaowa aurrelari nigeriarra fitxatuta hasi zuen aro berria. Entrenatzaile atzerritarrak ere nabarmentzen hasi ziren: Nevio Scala eta Bernd Schuster, batez ere. Dynamo Kiev ahalguztidunaren erregetzarekin amaitu zuen Shakhtarrek XXI. mendearen hasieran, beste bide bat zabalduz. Haren arrastoa jarraitu dute geroztik Dynamok berak, Metalist Kharkhiv, Dnipro eta Ukrainako beste hainbat taldek.

Aghaowaren fitxaketaren ondotik, Brasilen ipini zituen begiak Shakhtarrek. 2002an iritsi zen aurrenekoa: Brandao aurrelari handia. Ez zen jokalari ikusgarria, baina ondo moldatu zen Ukrainako ligan. Handik Frantziara eman zuen jauzia. Brandaoren ondoren artistak iritsi ziren Donetskera. Eta haiei esker urrats handia egin zuen Shakhtarrek: Ukrainan eta Europan. 2009an gailurra jo zuen klubak, UEFAko Kopa eskuratuta. Eta, gainera, Akhmetov presidenteak opari galanta egin zion hiriari, Donbass Arena dotorea eraikita. Berak ordaindu zuen estadio berria.

Jadson, Ilsinho, Fernandinho, Willian, Douglas Costa, Teixeira, Eduardo Da Silva, Luiz Adriano, Tison, Fred… jokalari zorrotzak eraman izan ditu Donetskeko taldeak. Garestiak.

Brasildarrak fitxatzea arrakastaren bermea da Mircea Lucescu entrenatzailearentzat. Azeri zaharra. Presidenteak dirua mahai gainean jarri eta entrenatzaile errumaniarrak egitasmo argia finkatu du: etxearen oinarria konfiantzazko jokalari ezagunek osatzen dute; zelai erditik gora aldea egiteko, berriz, brasildar gazteak daude.

2004an iritsi zen klubera Lucescu. Dinamo Bucarest, Errumaniako selekzioa, Brescia, Inter, Galatasaray edo Besiktas bezalako taldeak entrenatzen zaildu da. Neurriko zapata aurkitu du Donetsken. Hamargarren denboraldia du han eta hori egonkortasunaren seinale da. Shakhtarrek hiru zutabe argi ditu: Akhmetov presidentea (hamazazpi urte karguan), Srna kapitaina (hamaikagarren denboraldia), eta Lucescu entrenatzailea (hamargarrena). Hiruki horrek eusten dio egitasmoari.

Ospea brasildarrek dute baina Darijo Srna da taldeko jokalaririk garrantzitsuena. Baliabide taktiko, fisiko eta tekniko bikainez gain, bere nortasuna erabakigarria da taldekideak zuzentzeko. Jokalari estrategikoa. Erasoan nagusitasuna bilatzen du beti, hanka aldatuta ari diren hegalekoen barrurako joera baliatuz. Douglas Costa, Teixeira, Tison eta enparauak hobeak dira Srnari esker. Falta jaurtitzaile trebea da gainera. Rat desagertu egin da beste hegaletik. Srnaren anaia bikia zen. West Hamek fitxatu du eta Shevchuk beteranoa ari da haren ordez. Ez du lan samurra ordezkoak.

Rakitskiy erdiko atzelari ezkerra ere nabarmentzekoa da. Baloia hanketan duela bortitza. Lotsagabea. Gora jotzeko ausardia dauka. Jokaldia hobeto aukeratzen ikasi du urteen poderioz, nahiz eta batzuetan alaiegia ematen duen. Defentsan sendoa. Jokaldiari irteera azkarra emateko baloi-kolpe zehatza du, hegaleko brasildarrak bilatuz.

Euskarriak oso langileak dira. Serioak. Aukera ezberdinak ditu Lucescuk erdigunean. Fernandinhok Manchester Cityra alde eginda argitasuna galdu du zelai erdiak. Argistasuna batetik, eta zorroztasuna, bestetik, Mkhitaryan Borussia Dortmundera joan dela kontuan hartuta. Eduki gutxiago du orain Shakhtarren zelai erdiak. Baina sendoa da, hala ere. Stepanenkoren ahalmen fisiko eta taktikoa ikaragarria da. Beti taldea orekatzen. Batera eta bestera dabil, zuloak estaltzen. Eta ondo iristen da gora. Hrechyshkin gaztea edo Hubschman aritzen dira haren alboan, langile porrokatuak biak ere.

Horrera arte, betiko Shakhtar. Klubaren hasierako espiritua gorpuzten duen armarria. Mailuak gurutzatuta. Adoretsua eta izerdiz eraikia. Hortik aurrera, berriz, brasildarren festa.

Lucescuk oreka lortu du azken urteetan, lan taktiko zorrotzari esker. Brasildarren artean Willian nabarmendu zen (Anzhira joan zen eta orain Chelseara); besteak talde-lanean trebatzen joan dira. Entrenatzailearen kezka nagusia, baloia galtzen dutenean taldea osorik egotea baita. Ez da erraza, ordea, hainbeste artista tartean izanda.

Shakhtarrek askotan baloiaren jabetza nabarmen izaten du bere Ligan. Europan ere ahalegintzen da. Baina zailagoa da. Joan zen denboraldian, Juventusen aurka Torinon, baloi jabetzaren ia %60 izan zuen talde ukraniarrak; Chelsea ere estu hartu zuen Stamford Bridgen. Protagonismoa nahi izaten du talde ukraniarrak eta lortzen ez duenean brasildarrek sufritu egiten dute. Denboraldi hasiera honetan arazoak ditu Lucescuk taldea borobiltzen. Hori bai, espazioekin, kontraerasoan, zitalak dira.

Udan bi fitxaketa handi egin ditu Shakhtarrek. Oso gutxi jokatu dute, oraingoz. Ondo bidean, erabakigarriak izango dira. Bernard aurrelari txikia da horietako bat; Atletico Mineirotik eraman dute dirutza ordainduta. Brasilgo selekzio nagusian ari da, eta joan zen astean Australiaren aurka bereak eta bi egin zituen. Ezker hegaletik abiatzen da. Baloia jaso baino lehen gorputza ondo bideratuta dauka, jokaldia buruan aurreikusita. Baloi ukitu batean aurkaria gainetik kendu eta atera bidean doa, erregatea, pasea edo jaurtiketaren bila. Elektrikoa da.

Facundo Ferreyra golegile argentinarra da beste fitxaketa handia. Velez Sarsfielden eztanda egin zuen duela urtebete, Liga irabazteraino. Aurrelari argia, kolpe zorrotzekoa. Eskuin zein ezkerrez. Azken bi izar horiek ez dira taldera egokitu oraindik.

Egitura argia du Shakhtarrek. Zelai erditik gora, berriz, aurreko urteetako zorroztasun maila bilatzen ari da.