Magia beltza
GETAFE 1
OSASUNA 1
Marrazainaren ikusmen okerrak bi puntu kendu dizkio Osasunari azken minutuan.
- Futbolari ostikada eman dio sekula eman ezin dionak, marrazainek ez baitute futbolean jokatzen, futbolariak dira baloiari kolpeka ibiltzen direnak. Baina marra zaintzen zuenak marra guztiak gainditu ditu, eta bi puntu kendu dizkio Osasunari. Sekulako partida egiten ari zen taldeari. Nagusi izan den taldeari. Ikusleei taldea zer den erakusten ari zen jokalari eta entrenatzaile multzo duinari. Epaileek kendu eta eman egiten dutela? Gezurra galanta. Gaur kendutako guztia bueltatzea kostako zaie. Futbola berriz ere galtzaile magia beltzaren erruz.
- Beltzez jantzitakoak magia egin du. Oierrek ez dio eskuarekin jo baloiari, baloiak ere ez dio eman Oierri… orduan, nola ikus dezake izan ez den zerbait? Magia. Eta beltza.
- Futboleko benetako protagonistak futbolariak eta entrenatzaileak dira, eta horien lana handia izan da gaur. Bikain Osasuna. Egin behar zuena egiten Getafe geratzeko eta gainditzeko. Hori zen helburua, eta hori ondo egin izanak irabazteko aukera eman dio taldeari. Merezi zuen irabaztea.
- Gelditzeko lanetan, bi baliabide nagusi: presioa goian, eta defentsako lerro oso aurreratua. Ito egin du Getafe Osasunak bi helduleku horiekin. Talde osoaren lanak ona behar du hori dena gauzatzeko, eta esan beharrik ez dago nolakoa izan den beharra.
- Lehen zatian, arazoren bat izan du defentsa aurreratua eta presioa ondo ez uztartzeagatik. Ausarta izan da Mendilibar, Nino hasieratik jarri duelako, Cejudo, Sola eta Armenteros kide zituela. Atzetik Loe eta Puñal. Batzuetan goikoak ez ziren iristen Getafekoei estutzera, eta bi euskarrietako bat gorago ateratzeko tarte handiegia zegoen. Aukera hori baliatu izan du Getafek pase luzeak defentsaren bizkarrera sartzeko, baina minik egin gabe.
- Ez du batere sufritu taldeak lehen zati horretan, eta bigarrenean gutxiago. Erasoan, lehen erdi horretan, Osasuna bera izan da aukera onenen jabe. Nino, Sola, Cejudo eta Armenteros elkar uztartuta ibili direnean, jokaldi politak osatu dituzte. Baina ezin bukaera egokia eman, ezin golik sartu.
- Nabarmentzekoa izan da Armenterosek eman dituen azkeneko paseak deitutako horiek. Dotore aritu da argentinarra, eta bera azaltzen denean, Osasunak asko irabazten du erasoan.
- Bigarren zatian, bide beretik jarraitu du Osasunak. Kontrolpean izan du neurketa… epaileak Armenteros bera kaleratu duen arte. Sarrera gogorra egin dio Valerari, horretarako beharrik ez zegoen egoeran, baina zigor handiegia jarri dio epaileak. Orduan, Getafek indarra hartu du, baina ez asko, Osasuna ez delako atzean sartu. Hori ere nabarmendu beharrekoa da, talde ia denak atzean sartzen direlako 10ekin geratzean.
- Gola ere orduan egin du. 84. minutuan. Solak dotore bukatu du taldekideen jokaldia. Ematen zuen hiru puntu gozorekin etorriko zela etxera Osasuna, baina magia beltza ikuskizuneko egitarauan zegoela ez zegoen iragarrita. Gola jaso eta partida bukatzea ia bat izan da.