Madibaren lurraldean

Egilea:

Data: 2013/01/17

AFRIKAKO KOPA

1995az geroztik, Hegoafrika mundura zabaldu da kirolaren bitartez. Errugbiko Munduko txapelketa izan zen lehenengo (1995), Afrikako futbol Kopa ondoren (1996), Munduko futbol txapelketa gero (2010), eta orain, beste behin, Afrikako Kopa (2013). Apartheidak zapaldutako lurraldean, Nelson Mandelaren ekarpena ezinbestekoa izan da. Madibaren begiek goi-mailako beste ekitaldi bat ikusiko dute: Afrikako futbolaren festa.

Johannesburgon geratuak ginen John Carlinekin ekaineko goiz hartan. Egunseti hotza hego hemisferioan. Negua. Egun hura ez zen nolanahikoa: Hegoafrikak errugbiko Munduko txapelketa irabazi zueneko hamabosgarren urteurrena. 2010. urtean bolo-bolo ibili zen Invictus, Clint Eastwooden film ospetsua. Playing the Enemy liburu bikaina zen filmaren ardatza, John Carlin kazetari eta idazleak sortua. Mandelaren bizipenak eleberri sakon baterako gaia dira, eta idazleak barru-barrutik kontatu zuen Madibaren istorio gordin bezain hunkigarria. Espainian, El Factor Humano titulupean itzuli zuten liburua. Carlinek ondo ezagutzen du Mandela, eta haren ekarpenaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen aurreneko lerrotik: “Gerrate zibila saihestu zuen Hegoafrikan”. Kirola izan zen abiapuntua.

1995ean errugbiko Munduko txapelketa antolatzekoa zen ortzadarraren herrialdea. Zurien kirola zena herri osora zabaltzeko ahalegina egin zuen Mandela presidente berriak, urtetan sufritutako zapalkuntzaren samina alde batera utzita. Itxaropena minari gailendu zitzaion. “Ghandi edo jainkotzat zuten Mandela. Baina, finean, oso politikari pragmatikoa izan zen. Ezinezkoa zirudiena erdietsi zuen. Inteligentziaren bidetik, jendeak sentipen txarrak eta errezeloak alde batera uztea lortu zuen. Hegoafrikak etorkizunari heldu zion”, John Carlinek esana. Mandelak jokalariekin hitz egin zuen lehenengo, elkarbizitzarako mezua zabaldu zion gizarteari, eta amaieran elkarrekin ospatu zuten Hegoafrikaren garaipena Zeelanda Berriaren aurka. Han zen Madiba, Springboksen elastiko berdea jantitza; Robben Island presondegian 27 urte giltzapean eduki zuten gizon berbera. Ziegan, 46664 presoa zen. Kalera irten zenean, berriz, Hegoafriko profeta bilakatu zen: bakearen aita. Hitza hartu zuenean, errugbilari morrosko haien malkoek Hegoafrikaren etorkizuna irudikatu zuten.

Urtebete geroago, Afrikako Kopa hartu zuen ortzadarraren herrialdeak. Hegoafrika ez zen puntako selekzioa futbolean, baina balentria egin zuen. Beltzen kirola izanik, nagusiki, Sowetoko bidegurutzean talentu handiko futbolari zuri bat ageri zen: Mark Fish, erdiko atzelaria. Ondo moldatu zen Doctor Khumalo, Phil Masinga, John Moshoeu, Mark Williams eta enparauen artean. Hautatzailea ere zuria zen: Clive Barker. Haien erdian azaldu zen Mandela, kolorez margotutako olatuaren gainean, txapela astinduz, Soccer City-ko zaleak agurtzen. Bafana-Bafana (animo mutilak!) oihua ospetsua bilakatu zen.

Hurrengo erronka futboleko Mundial bat antolatzea zen. 2006koa begiz jo zuten hegoafrikarrek, baina ustekabean Alemaniari eman zioten. Atsekabea! Hegoafrikaren txanda lau urte geroago iritsi zen. Mandelak Lurmutur Hiritik zerura luzatu zituen besoak, urrezko kopa eskuartean zuela.

Ia hiru urte igaro dira vuvuzela hotsak etxe guztietan sartu zirenetik. Turuta luze eta ozenak prest dira, beste behin. Afrikako Kopa hastear da, eta bada zer aipatua. Nola liteke urtebete geroago txapelketa berriro jokatzea? Egia da, 2012an Gabonen eta Ginea Ekuatorialen jokatu zen. FIFAk ez zuen Afrikako Kopa Mundialarekin urte berean bat egiterik nahi, eta egutegi berrira egokitzeko aurten jokatuko da.

Egipto (zazpi aldiz txapeldun), Kamerun, eta Senegal hutsune handiak izango dira; hamasei hautatzaileetatik bederatzi europarrak dira. Afrikako futbola kontinentearen egonkortasun ezaren isla da. Hegoafrikak, esaterako, hamazazpi hautatzaile izan ditu azken hogei urteotan. Hainbeste aldaketekin nekez sor daitezke egitasmo iraunkorrik . Entrenatzaile batzuen jarrerak ere zeresan handia dauka, berehalako emaitzak baitira hainbaten helburu bakarra.

Tommy N’Kono, Kamerungo mitoak, behin esan zigun moduan: “Entrenatzaile atzerritar bat etortzen denean arrastoa uztea espero duzu. Afrikan behar handia dago azpiegitura aldetik eta bertako entrenatzaileak trebatzea da gakoa. Kanpoko erreferenteak behar dira, baina horiek ahalegin bat egin beharko lukete. Nolanahi ere, agintariek zeresan handia dute hemengo futbolaren gorabeheretan”. Kamerun Hegoafrikako Mundialetik at geratu zenean zaleen saminak atezain handiaren gogoetekin bat egin zuen: “Agintariek euren buruarengan pentsatzen dute bakarrik. Ikatza, dira, ikatza!!!”, zioen Estatu Batuetatik Pretoriara joandako zale kamerundarrak. Hiru urte geroago, Eto’o eta bere kideak ez dira kontinenteko txapelketa nagusian izango. Cabo Verdek lehoi menderaezinak irentsi zituen, eta aurrenekoz dira Afrikako Kopan.