Lurpean ere bada bizirik

Egilea:

Data: 2013/03/02

OSASUNA  0
ATHLETIC  1 

Gorka Iraizozen lan bikainak saria eman dio taldeari eta arnasa Bielsari. Osasunak ez du galtzea merezi izan.

  • Bizi direnak azaltzen omen dira. Hala dio esaera batek, eta Athleticen galdutzat eta iraganeko protagonistatzat jotzen zituztenak azaldu egin dira. Noiz eta gehien behar zenean. Lurpean egon da bizpahiru astez Gorka Iraizoz, eta gaur eguzkia ikusi du. Berari esker irabazi du Athleticek Sadar zaharrean.  Gogoan izan dezatela San Mameseko txistulariek gaur gertatua. Beste biziduna Marcelo Bielsa da. Bere aurkako astea izan da hau, eta galdu izan balu, auskalo zer gertatuko zen bere lanpostuarekin. Baina irabazi egin du bere taldeak, eta berean segituko du.
  • Osasunak hartu du kolpea. Bolada ona eten zaio, eta batere merezi izan gabe, gainera. Puntua atera izan balu ere, gutxitxo izan zitekeen ustearekin geratuko zen bat baino gehiago.
  • Athleticek ondo ekin dio partidari, askotan ohi duen moduan. Erasoan eroso antzean moldatu da, eta baloia gora eramatea lortu duenez, galtzen zuenean presio egiteko moduan egon da. Bere ohiko jokoa, azken batean. Baina ez dio asko iraun erosotasunak.
  • Osasunak berehala hartu dio nagusi izatearen lekukoa. Ito egin du Athletic, ez dio utzi ezer onik egiten, eta sortzeko garaian ere ondo moldatu da Mendilibarren taldea. Lehen zatia amaitu arteko minutu luzeetan izan du joera hori partidak. Baina huts handia egin du Osasunak tarte horretan: ez du golik sartu. Hor azaldu da Iraizoz, erraldoi eta ate zaintzaile zintzo, eta denak geratu edo urrundu ditu.
  • Bigarren zatiaren hasieran ere Athletic hobeto moldatu da. Baina aurrenekoan bezala, ez du asko estutu Andres Fernandez atezaina. Ez behintzat goleko jokaldira arte. 63. minutua zen, eta Ibaiek oinaren kanpoko aldearekin ateratako erdiraketa ederrari ez dio dotoreziarik kendu Susaetak: bolea zehatza sarera bota du.
  • Osasunak kolpea hartu du, pentsatuz bezala “nola liteke hau?”. Kosta egin zaio egoera berria barneratzea, eta konturatu denerako berandu izan da. Azken minutuetan bakarrik estutu du Athletic, hegaletatik erdiraketak eginez eta kornerrak ateraz. Baina atea ondo itxita izan du gaur Athleticek. Noiztik ez zuen golik jaso gabe amaitu partida bat?
  • Gaurkoaren ondorioak zelaian erakutsi dituzte jokalariek lehia amaitu berritan: Athleticekoak bat eginda, poza gorde gabe, arnasa sakon hartuz. “Azkenean!”, pentsatuko zuten ziurrenik. Osasunakoak aldiz, burua jaitsita, kolpea hartuta, “hain ondo gindoazen…” pentsatuz ziurrenik. Baina hau ez da amaitu, eta aurrera segitu beharrean dira bi taldeak. Gaurko irabazlea eta galtzailea, biak. Eman lezake Osasuna larri geratu dela, baina zenbakiek ez diote hori… baldin eta etzi Celtak ez badu irabazten.