Logika ez da txuri-urdina
REALA 3 REAL MADRIL 3 Txapeldunen Ligako lekua galdu du Realak, irabazten asmatu ez duen partida berdindu eta gero: sekulako aukera piloa galdu ditu alferrik, eta defentsako lanean, oso bigun aritu da talde osoa.
- Ate txikia da Txapeldunen Ligan sartzekoa. Gaur behintzat halakoa azaldu zaio Realari, edo Realak berak txikitu du, handi-handia parean jarri zaionean. Real Madril epela jarri zaio parean, defentsako lanean oso tentsio gutxirekin. Baliatu du hori Realak, aukera mordoa sortu duelako, baina hiru gol sartu arren, beste horrenbeste eta gehiago sartzeko aukerak kareletik bota ditu; eta ezin ahaztu Diego Lopez atezainaren lan paregabea. Gol gehiago ez sartu izanak kondenatu du momentuz Reala Europako Ligara. Kondena polita, dena esaten hasita.
- Beste gabezia handi bat ere izan du Realak. Eta hau oso larria da: defentsako lanean bigunegi aritu da. Rea Madrili errespetu gehiegi izateagatik edo auskalo zergatik, baina ez du behar bezala estutu gaur ezer ere jokoan ez zuen taldea. Eta jakina, Real Madrileko jokalariak oso-oso onak dira teknikoki. Akats larria egin du hor Realak, eta garesti ordaindu du.
- Hutsak ere garestiak izan dira zenbait kasutan. Esaterako, partida hasi eta berehala, Mikel Gonzalezek egin duena. Azkeneko jokalaria zela, pasea Higuaini oparitu dio, eta 0-1.
- Realaren aukera mordoa etorri da gero. Gehienetan eskuin hegaletik egindako jokaldietan sortu ditu, baina ezin asmatuta ibili dira Griezmann, Agirretxe eta Xabi Prieto.
- Ematen zuen berdinketa lortuz gero, aise emango zitzaiola buelta partidari, baina berdinketa ez, Real Madrilen bigarren gola etorri da. Bigarren zatian izan da, Callejonek sartu du gol hori. Realak ez du etsi, eta Xabi Prietok penaltiz sartu du aurrenekoa. Gero, Griezmannek berdindu ere egin du, eta ematen zuen… berriz ere ematen zuen… eta lehengoa gertatu da berriz: Real Madrilek gola, hirugarrena. Khedirak. Oso bigun eta oso atzean sartuta Reala jokaldi horretan eta beste askotan; errespetu gehiegi Real Madrili.
- Berdinketa Xabi Prietok sartu du, eta hor bukatu da partida. Txapeldunen Ligako lekua Valentziarena da orain, eta bi puntu aurretik da Realarekiko. Ematen zuen… baina logika ez da txuri-urdina izan. Erraz irabazteko partida ez irabazteak sari potolorik gabe utzi du taldea oraingoz.