Lepoa moztuta

Egilea:

Data: 2012/06/16

EUROKOPA 2012

Frantziak Ukraina menderatu du (0-2), D multzoko bigarren jardunaldian.

  • Bi partida batean. Aurrenekoan, era batera aritu dira bi taldeak: Frantzia ekimena hartuta, eta Ukraina defentsa eta kontraerasoan oinarrituz. Bigarrenean, alderantziz: Ukraina ausartu egin da, eta Frantzia izan da lehen zatiko Ukraina.
  • Ezberdintasun nabarmen honekin: Frantziak txikitu egin du Ukraina kontraerasoan, espazioak baliatuz.
  • Jokalari baten mugimenduak eragin zuen rolen aldaketa zati batetik bestera. Benzema atzerago jarri du Laurent Blancek bigarren zatian, aurrelari finkorik gabe aritzeko. Ukrainarrek metroak ikusi dituzte orduan aurrerago jokatzen hasteko. Eta joan dira gora. Espazioak utzi dituzte atzealdean, eta hor azaldu da Frantzia txikitzailea. Lepoa moztu dio.
  • Ausardiak zigortu du etxeko taldea, eta zuhurtziak saritu kanpokoa.
  • Irabazleak autokritika egin behar izaten du, eta Frantziaren inguruan badoa gurea: ez du ematen talde prestua baloia atzetik jokatuta ateratzeko; ez behintzat, Alou Diarra euskarri bakar bezala jarrita. Erdiko atzelariak ere ez dira egokiak horretarako. Kontraerasoan aritzeko talde hobea da. Baina beti izango al du aukera horretarako?
  • Galtzaileak ere autokritika, baina gauza onak ahaztu gabe: zelai-erdian eta aurrean oso jokalari onak dauzka, eta Pyatov atezaina lan ederra ari da egiten. Galdu arren, ez dago bide txarrean Ukraina.