Lemoak Federazio Kopako finalari ekingo dio gaur
Joaneko partida jokatuko du Binissalemen (Herrialde Katalanak), 19:00etan (ETB1).
Futbolaren istorio bereziak zenbaezinak dira. Zenbat historia osoan… Kolore askotakoak. Hau azken-aurrekoa izango da, honen atzetik ere azken-aurrekoa etorriko da, eta horrela jarraitzen du katebegiak osatu eta osatu.
Gure talde bat du ardatz istorio honek: Lemoa. Ez al da berezia 2.B Mailan azkena izan, Maila galdu, eta Federazio Kopan finalera iristea? Horixe egin dute Lemoako jokalariek eta entrenatzaileek.
Eta istorioari drama kutsua emateko, edo tristurarena, edo amorrazioarena, jokalari horiek eta entrenatzaileek denboraldi osoan ez dute euro zentimorik ere kobratu. Ez, ez dira amauterrak, ez dira gustatzen zaielako bakarrik joaten entrenatzera eta jokatzera. Soldata agindu zien zuzendaritzak, baina hitza bete ez. Horrela joan zen uztailetik gaur arte.
Baldintza penagarri horietan ari dira lehiatzen sasoi osoan, eta gaur, futbolaren aurpegi politenarekin gozatu ahal izango dute. Final batean ariko dira. Herrialde Katalanetan, Balears uharteetan, Binissalemen. 19:00etan hasiko da final honetako joaneko partida (ETB1). Itzulikoa hilaren 19an jokatuko dute.
Binissalem 3. Mailan ari da, eta bere multzoan bigarren dago. Lehiaketa irabazten duenarentzat sari ekonomikoa ematen du Espainiako Federazioak. Horregatik bakarrik bada ere, irabaz dezatela Lemoako jokalariek eta entrenatzaileek. Zuzendaritzak zor dien guztira ez bada ere helduko kopurua. Eta hori, diru hori zuzendaritzak jokalariei ematea erabakitzen badu. Tristea oso istorioa.

Lemoako jokalari bi belauniko, Alavesen zelaian. Protesta gisa egin zuten hori, kobratzen ez dutelako. EL CORREO