Lehoi hau harrapatuko duen ehiztaririk ba ote dago?
Athleticek irabazi egin dio gaur ere Manchester Unitedi (2-1), eta Europako Ligako final-laurdenetan da.
Lehoiak deabrua jan du. Mahaian esertzerako, haragi guztia kendu dio. Old Trafforden egin zuen hori, eta gaur ere bai San Mamesen. Hori da hori jankada!
Athleticek zapaldu egin du Manchester United. Duela astebetekoa ez zen inspirazioaren gau soil eta bakana izan. Lana dago orduko eta gaurko erakustaldien oinarrian. Eta lanaren atzean gidari aparta: Marcelo Bielsa.
Txiki utzi du Manchester United Athleticek. Bere ezaugarriekin. Presioa, erritmoa, intentsitatea, oreka, baloia ondo eta beti zerbait egiteko asmoz erabiltzearekin. Eta beste bereizgarri askorekin. Halako txikizioa beste talde batek bakarrik eragin dio Alex Fergusonen taldeari: Bartzelonak, Txapeldunen Ligako finalean, aurreko denboraldian.
San Mamesek liluratu egin du Manchester United. Etxean bezala sentiarazi ditu. Giroa, Ingalaterrako zelaietan bizi ohi duenaren parekoa. Giggsi txaloak jo dizkio Katedralak, aldatu dutenean. Rooney ere txaloek hartu dute, gol ederra sartu eta gero. Aurkari bezala hasi zozketak hala nahi izan zuelako, eta lagun bezala amaitu. Bejondeiela biei!
Golak? Llorentek eta De Marcosek. Baina Amorebietaren pase luzea bezain zehatza aurrelariari? Eta hainbat jokalariren mugimendu eraginkorrak eta azkarrak bigarren golean? Taldea da Athletic. Lehoiaren barruan lehoi asko daude. Taldean joaten dira. Gidaria nora, lehoiak hara.
1977tik aurrenekoz, final-laurdenetan da lehoia Europako txapelketa batean. Orduan, finalera heldu zen. Lehoia abiadura bizian doa orain ere. Lehoiak doaz. Harrapatuko dituen ehiztaririk ba ote?
http://www.youtube.com/watch?v=J4Sj6OtAwvM