Lehen itzuliaren itzulinguruak
2.B MAILA (2. multzoa)
Lehen itzulian Euskal Herriko taldeek egindako lanaren analisia.
Abuztuaren 25ean hasitako abentura iritsi da bere erdigunera. Negu zurrunean barneratzear gauden honetan, 2.B mailako 2. multzoak aurtengoan ere arratsalde eta une gogoangarriak utzi dizkigu. Onena baina iristear da eta zorionekoak gu. Zorionekoak, brontzeari urre kutsua eman eta orain oparoaz gaindi, etorkizunean distira egin dezaketenak gertutik jarraitzeko parada daukagunok.
Aurtengo denboraldi honek euskal futbolarentzat asko du berezitik. 12 ordezkari dauzkagu. Egia da 2. mailan euskaraz nabarmen hitz egiten duen talde bakarra Mirandes dela, baina hala eta guztiz ere, harro egoteko moduan gaude. 4 talde nafar aspaldiko partez, 3 gipuzkoar, Bizkaiko 4 ordezkari eta Arabako bakarra.

Area11
Alaves
Alavesek badirudi zezena serio hartu duela adarretatik. Krisi egoeran egonagatik gizartea, inbertsio sendoa egin dute. Baina Zubillaga kromo eroste eta saltze lanetan paratuta, fruitu nahikoa gozoa ari da ematen. Nacho Gonzalezekin atzealde zurruna ziurtatua dago. Nekez hartzen ditu Alavesek golak. Atea ere aspaldiko partez zaindari onekin daukate, eta erdialdea ondo elikatua. Aspaldion mina lagun dabilen, Jagoba Beobideren ekarpena oso garrantzitsua. Sendoa Agirreren esperientzia eta Borja Vigeraren kutixiak ere aberasgarriak. Aspalditik da talde babazorroa lidertzan, eta ez dio aurten goxokiari alde egiten utzi nahi. Aste honetan bertan, Ruben Negredo aurrelariaren baja mingarria ordezkatzeko Gorka Laborda fitxatu dute Peña Sportetik. Luisma sasoi ona hartze bidean dela kontuan hartuta, 2. itzulian ere ez da erraza izango Gonzalezen arbela mendean hartzea.
Eibar
Sailkapen nagusia ikertzen hasi eta lehen 5 postuetan 5 euskal talde. Bigarren postuaren jabe da Eibar. Gaizka Garitanoren taldeak gertutik jarraitzen ditu Babazorroak. Ipuruan Alavesen aurka partida orekatu batean 3-1eko emaitza mamitsua eskuratu zuten, eta ez dute zalditik jaitsi nahi. Hasieran Tuteran galdu ostean, zalantza batzuk sortu zituen talde armaginak, baina ezerezean azkar amildu ziren. Jokalari denak beharrezko diren taldea da Eibar. Atzetik aurreraino mailako jokalari onenetakoen jabe. Jon Altunaz Urritxen ari dira gozatzen, Ipuruan aldiz garai berriak nagusi. Txema Lonbraña ere ez dela kontuan hartuta, beste idiosinkrasia batean murgilduak daude.
Talde armaginean, postu askori dagokienez behintzat bikoteak dira protagonista. Atzeak bi jabe nagusi ditu; Txema Añibarro kapitaina eta Raul Navas (andaluziarrak Zubietan interesa sortu du). Erdialdean Jon Errasti eta Mikel Abaroa aukera sortzaile eta abagune zapuzte lanetan fin dabiltza. Eta aurrean; Mikel Arruabarrena eta David Mainz. Bien artean taldeak sartu dituen 33 goletatik 14 sareratu dituzte. Hauek dena den ez dira Garitanoren album emankorreko izen bakarrak. Taldea luzea, zabala eta emankorra da, eta azken txanparaino asko eman dezakeena. Fisikoki bikain zailduak, barneratuta dauzkaten automatismoak lagun eta Kopako azken tragoa Malagan hartu zutela kontuan. Adelante Liga jo puntu nagutsitzat daukate.
Athletic B
Bilbao Athletic sorpresen kutxan sar genezake. Cuco Zigandak urtebete proba lanetan ibili ostean, Lezamako laborategian arrakastaren eta garaipenaren formula aurkitu duela dirudi. Errespetua sortzen dute lehoitxoek aurkariengan. Atzean oso sendo, erdian emankor eta aurrean fin xamar. Gol sartzeen puntua da agian zalantza gehien sortzen dituen gunea. Mikel Orbegozo Sestaori uztea erabaki zuten, eta Gillermok zein Lander Yurrebasok dute markagailuak mardultzearen ardura. Igorrekoak azkenaldian aukera gehiago izan ditu, eta minutuak eduki hala, bere ekarpena garrantzitsua bilakatu da. Tudelanoren eta Alavesen aurka partida onak osatu zituen.
Baina formularen ekuazio perfektua atzealdeko “tribotean” dago. Peña, Moran, Eraso. Horiexek azkenaldiko arrakasta zuzendu duten protagonista nagusiak. Eguaras ahulkian uzteak Larraintzarko entrenatzaileari min apur bat eman arren, 3 hauekin taldea bikain doa. Enrik Saborit konfiantza hartzen hasia, Albisua zentral eta kapitain lanak egiten sendo eta Alain Eizmendi hegalak aztoratzen zoragarri eta zorogarri. Hegaleko marra ondo neurtua dauka, eta baita noiz eman pauso bakoitza. Guarrotxena eta Jonxa Vidal ere ezin ahantzi lan horietan. Ager Aketxeren gutizia futbolistikoak tartean eta Serantesen geldiketa mordoa, Zigandak talde indartsua eratua du. Urriaren 13an galdu zuten azken partida Amorebietaren aurka, geroztik garaipenak eta berdinketaren bat protagonista. Laporte eta Ramalho lehen taldean egonagatik, Bilbao Athletic gertutik jarraitu beharko da.
Amorebieta
Baita Axier Intxaurragaren taldea ere. Orain artekoak ez bezala, Amorebietak arratsaldez entrenatzen du. Urritxe gotorleku hartuta, eta azaroko balbea atzean utzita, berriro ere sasoiko dira. Jon Altuna, Iñaki Goikoetxea, Urko Arroyo, Adrien Goñi, Igor Arnaez, Lander Gabilondo, Zigor Goikuria eta Ander Larruzea dira ekarpen nagusiak. Azken honek udan edukitako lesio bat tarteko ez du jokatzeko aukerarik izan, baina Urritxeko bulegoek berriro ere asmatu dutela esan behar. Play-off-etan arantza mingarria sartuagatik, eguneroko lanean oinarritutako taldea da Amorebieta. Hankak lurrean dituena eta gozatzen dakiena. Gustua ematen duen horietakoa. Xabi Sanchez kapitainarengandik hasi eta lerroz-lerro denak dira garrantzitsu. Aldalur gazte zailduaren ekimena, Larreategiren baloi golpea, Alberdiren zelai erdiko kontrola, Gabilondok hegalak hausteko duen artea, Altunaren gola eta Goikotxea – Muniozguren aurrelariak edukitzearen luxua oso dira azpimarragarri. Ander Alaña, Armand Imaz eta Urko Arroyo ere ezin ahaztu. Intxaurraga fedez da bere taldearekin, eta ez da harritzekoa. 4. postuan amaitu dute lehen itzulia. Eibar eta Bilbao Athletic Urritxen mendean hartu ditu. Aurten ere azken sprintean foto finisharekin jarraitu beharko ditugu.

Kiroletik
Real Union
Real Unionekin lehia estua izango duela dirudi. Imanol Idiakezen taldea 19 jardunaldiren ostean bosgarren postuan da. Duda-mudako hasieraren ostean, udazken ona izan du. Azken haspereneko berdinketek puntu asko lapurtu dizkiote talde txuri-beltzari. Une askoan fubola ez da justua izan Real Unionekin. Fitxaketa asko egin beharrean izan dira uda partean, eta horiek denekin puzle emankorra osatzea dezente kostatu zaio Imanol Idiakezi. Baina joko dotorearen zale sutsu honek lortu du Stadium Galeko arratsaldeak entretenigarri izatea. Sansek utzitako Julen Colinas jokalariak gutizia dotoreak utzi ditu, eta oso da garrantzitsua. Juan Domingez kapita eta Chupe ere ezinbesteko Idiakezentzat. Atzean Kijera eta Valin dira erreferentzia. Lanbarri eta Albistegi ere minutuak aurrera egoki talderatu dira. Orain arte izan ez duten zortea alde badute eta zor kontuak baretzen badira, Real Union ere goi postuetako borroka gogorrean izango da. Irungo taldeak une honetan 30 puntu dauzka. Amorebietak baino 4 gutxiago.
Seigarren postutik hamargarrenera bitarte parekotasun handia eta edozer posible dela esan daiteke. Ondo hasitako taldeei aparra jaitsi zaie, eta makur ekindakoek olatu gozoak hartu dituzte. Lleidak nabarmen egin du pott. Etxeko garaipenekin multzoko Kataluniako talde bakarrak ezingo du goian mantendu. Etxetik kanpo nahi eta ezina nagusi. Noja egoera bertsuan da, baina joera positiboan. Biek 28na puntu dauzkate. Kantabriarrek udazken ona osatu dute, eta horren ondorio da eskuetan momentuz daukaten zazpigarren postua.
Barakaldo
Dena den, Barakaldoren lana nabarmendu behar. Bi hauengandik puntu bakarrera dago Iñaki Zurimendiren taldea. Alaves, Eibar eta Real Union hasieran izan zituztela kontuan hartuta, ez zuten buelta gozoa eduki. Baina hala eta guztiz ere, golen arazoa konponduta erne ibiltzeko oharrarazten ari dira. Jon Orbegozoren lana kolore bereziz azpimarratzekoa. Taldeak egin dituen 18 goletatik 6 bereak izan dira. Lemoan gertatu moduan, Lasesarren ere azpeitiarrarena da golaren ardura. Aitor Fernandez, Unai Vidal, Eneko Rubio edota Imanol Aguiar ere lan ona osatuaz. Oilarren artean dezente kostatzen zaie gandor harroarekin amaitzea, baina beste ligan erreferentzi nagusienetakoak dira.

Iñaki Porto / Noticias de Navarra
Tudelano
Tudelano da nafarren artean momentuz hobekiena kokatua dagoena. Talde profesionalizatua da Tuterakoa. Nafarrez eta Aragoiko jokalariez hornitua, babesle indartsu batekin eta 2.B mailako esperientzia berritzailean zerbait garrantzitsua egin nahi duena. Ondo ekin zion Txema Lumbrerasen taldeak, baina pixkanaka beheraka joan da. Etxean egoki, handik kanpo zalantza asko sortu eta ezin gehiegi plazaratuaz. Tuteratik at garesti daude eurentzat puntuak. Halere, horrela jarraituz gero, bigarren itzuli lasai bat egingo dutela dirudi. Esperientzia ezak askotan gauza zalantzagarriak egitera bultzarazten dituen arren, atzealde sendo baten jabe dira.
Peña Sport
Peña Sport da bigarren talde nafarra. Amatriainek zuzendutako taldeak orain bi urteko esperientzia garratza ezerezean uztea zuen denboraldi hasieran xede, eta hasieran lortu zuela dirudi. Tafallan egoki eta handik kanpo txukun. Eneko Romo eta Gorka Labordak asko eman diote taldeari. Romok 6 gol sartu ditu, eta Labordak itzaleko zein argitako lana asko egiten du. Baina aste honetan notizia txarra hartu dute: Laborda Babazorroa da jada, eta kosta egingo zaie ordezko on bat sasoi honetan aurkitzen. Taldea gainera ez da bere oparoaldian. Lehen itzulia 13. postuan amaitu du 22 punturekin.
Reala B
Bat gehiago dauka Sansek. Hasiera bikaina izan zuen Meho Kodroren taldeak, baina garaipenaren formula ezin bilatuaz dabiltza txuri-urdinak. Mendizorrotzan 3 puntuak eskuratu zituzten, baina orduz geroztik euri asko egin du, eta ezin irabazi partidarik. Urriaren 27an lortu zuten azken garaipena, azaro osoan zehar ez zuten partida bakar bat ere irabazi. Taldea gaztea, zaildu beharrekoa, ondo osatu gabe… Zubieta inguruan dabiltzan adituek gisa honetako ondorioak ateratzen dituzte, baina esnatu beharra dauka talde txuri-urdinak. Aurreko denboraldian ere suarekin azken hatserarte jokatu zuten, eta aurten zalantzak nagusi. Egia da harrobiko talde baten eginbehar garrantzitsua lehen taldea behar bezala elikatzea dela, egia baita merezi gabeko porrot batzuk nozitu dituela, baina sailkapenean une honetan 17 gol sartuta eta 23 hartuta 12. postuan egotea ez da goxoa.
Sestao
Sestao aldean ere gauza bertsua pentsatuko dute. 22 puntu dauzka Las LLanaseko taldeak. Majo ari zaio kostatzen Riberaren taldeari onbidea hartzea. Azken unean lortu zuten taldea osatzea, eta hori hasieran nabariko izan zuten. Garaipenen gotorleku euren etxea da, baina hortik kanpo ezin 3 puntuak lortu. Mikel Orbegozo eta Aritz Solabarrieta giltzarri izango zirela zirudien. Azpeitiarrari baina azaro amaieran apendizeak traizioa egin zion, eta une askoan min hartua egon da. Silas da taldearen ekarpen berritzaile bat, Ibon Larrazabal kapitainaren lana ere ezin idatzi gabe utzi. Riberak denbora behar du, eta baita lesioek bakean uztea. Une askotan kirioak dantzan egonagatik, lan asko emateko prest dira azken hatserarte. Inork ezin du Sestaorekin fiatu. Epaileak aski esan arte lanean jarduten duen kuadrilla baita Las Llanasekoa. Bost garaipenetik gehienak horrelaxe lortu dituzte.

Mikel Saiz / Noticias de Navarra
Osasuna B
Txanponaren beste aldera begira, Izarra eta Osasuna B aipatzeko geratzen zaizkigu. Ez dira amestutako denboraldia osatzen ari. Taxoareko taldea azkenean esnatu da, eta badirudi bigarren itzulian fiatzen direla. 19. jardunaldian lortu dute azken postua alde batera uztea. Baina makina batean egon dira irabazi gabe eta golak apenas sartzen. Osasunakoa da kategoriako goleatzaile nagusia. Jorge Galan da bera. Gabon inguruak suspertu egin du aurrelariak gola sartzeko duen sena. 10 gol egin ditu. Horietatik 6 azken jardunaldietan sartutako 2 hat-trick-ei esker. Taxoaren ez dute heldu den denboraldian 3. mailan egon nahi, eta horretarako egingo dute lan. Aurrekontu dezenteko taldea izanagatik Merinorenak ederki sufritu beharrean dira.
Izarra
Izarrak ere ez du gutxiago sufrituko. 3 garaipen bakarrik eskuratuta, eurena da 19. postua. Mendizorrotzan gertutik jarraitzeko aukera izan genuen, eta Ibai Ardanaz golegile nagusiaren lana kenduta, beste lerro eta puntu guztietan zalantzak eta ezinak nagusi. Raul Marko pasa den denboraldian 3. mailatik igo zuen entrenatzailea bota berri dute, eta Chechu Martinez da taldearen arduradun berria. Lizarran lehia txukunak osatzen dituzte, baina handik kanpo beltzetik ilunera da taldea. Bekoskoa aspaldidanik aurpegiratua daukate, eta ez dirudi askorik aldatuko zaienik. Merkatondoak bakarrik ezin du izan puntuen faktoria.
Hauexek bada 19 jardunaldiren ostean, 2.B mailako Euskal Herri luze zabaleko ordezkariek utzitako izen, datu eta sentsazioak. Harrobiko beste taldeak, Zaragoza B eta Racing B gorriak ikusi beharrean direla dirudi. Teruel jokalari berri askorekin dela kontuan hartuta ez da sutatik urruti ibiliko, Torrelavegako Gimnastica burua goian baina oinak behe samarrean dauzkala, eta Las Gaunasek frustazioen plaza izango dela dirudi enegarren aldiz. Hiri bereko bi talde zelai bera konpartitzen. Union Deportiva Logroñes aberats, Sociedad Deportiva Logroñes txiro. Batak igo nahi besteak mantendu. Lehenak 27 puntu ditu, besteak 20. Ez dute erraza izango helburuak betetzea.