Lasterketa da hau

Egilea:

Data: 2012/04/23

Osasunak Malagaren aurka jokatuko du gaur gauean Sadar zaharrean (21:00). Europari heltzeko oso partida garrantzitsua da.

Autoen lasterketaren antza dauka Espainiako Ligako sailkapenaren zati batek. Europan lehiatzeko borrokak, hain zuzen. Talde asko, eta lekurik ez denentzat.

Era askotako autoak daude. Batzuk distira handikoak, biziak bezain azkarrak. Lasterketa hasi aurretik, dena irabazteko faboritoak. Malaga da horietako bat. Ferrariarekin pareka daiteke, ez delako ari aurreikuspenak betetzen. Baina hala ere, lehian da beti.

Beste auto bat Osasunarena da. Ezustea. Parekatzen hasita, Niko Rosbergen Mercedesarekin pareka daiteke. Oilarren alboan dago, beste zerbait espero zenean.

Bada, gaur gauean (21:00), buruz buruko lasterketa izango dute biek. Sadar zaharreko zirkuituan. Mitikoa da lekua. Monakoren parekoa. Tradizio usaina nonahi. Eta bihurgune arriskutsuak ere bai ondo ezagutzen ez duenarentzat. Autoa gidatzeko abilezia berezia behar da Sadar zaharrean. Akatsik txikiena garesti ordaintzen da. Lasterketatik kanpo.

Osasunak, aldiz, ondo ezagutzen ditu bazter guztiak. Badaki non eta nola aurreratu behar diren beste autoak. Ederki daki Malagari zer egin behar dion lasterketa irabazteko.

Momentuz, polea Malagak dauka, eta 5 postu atzerago aterako da Osasuna. Hala ere, zirrara izango da lasterketan.

Lehen itzulian, denbora bera egin zuten bi autoek.

http://www.youtube.com/watch?v=KNHahWlzboY