Larrosekin… hiletara

Egilea:

Data: 2012/10/28

ATHLETIC 1
GETAFE   2
Galtzea txarra izan da, eta joko eskasa egitea, oso kezkagarria.

  • Gaizki jokatu du Athleticek, eta hala gertatzen denean, galdu egiten du gehienetan. Orain, galderak: zergatik jokatu du gaizki? Zergatik ez du jokatu ostegunean Lyonen bezala? Zer gertatzen ari da?
  • Gaur, ia jokalari denak aritu dira bere mailaren azpitik. Eta horrela, ezin da. Ez Athleticek, ezta munduko beste edozein taldek ere. Baina zer dela eta ibili dira berez direna baino eskasago?
  • Loturarik ez da egon lerroen artean erasoan, oso jokaldi gutxitan izan ezik. Bi arazo handi: defentsa eta zelai-erdia lotzerakoan, eta zelai-erdikoen arteko jokoa egiterakoan. Oso eskas ibili da taldea bi alor horietan.
  • Beste gabezia bat: baloiaren jabe zen jokalariaren aurrekoek ez diote aukera handirik eman, oso gutxi mugitu dira. Tokitan dago mundu osoa liluratu zuen mugimendu zehatz segida hura (joan zen denboraldikoa).
  • Geldikako jokaldietan larri ibili da taldea. Zenbateraino izan den gabezia edo Pedro Leon bezalako baten abilezia baloia jotzean…
  • Zalantzarik ez duena bigarren gola da. Oso bigun aritu dira jokalariak jokaldi horretan. Harrigarria Athleticen.
  • Getafek hegalak itxi dizkio, eta akabo? Gaur bai. Hegal bat itxi eta bestea erabat libre utzi arren, gaur jai. Hegal batetik bestera baloia eramateko ezintasuna azaldu du Athleticek. Horizontala baino bertikala da Athleticen jokoa, hori hala da, baina hegal batean hasteak ez du esan nahi hegal horretatik segitu behar denik.
  • Aldaketek ezer gutxi eman diote taldeari. Titularrak ondo ez, eta ordezkoak ere antzean. Horrela nekez lortzen dira emaitza onak. Lotuta  bezala aritu dira hainbat jokalari, arduraren zama bizkarrean balute bezala. Konfiantza gutxirekin. Gaurko ondorio txarrena horixe da, joko eskasarekin batera: konfiantza galtzen ari diren zantzuak azaldu dituzte hainbat jokalarik.
  • Arrats tristea gaurkoa San Mamesen. Ondo jokatzearen iraultzak ekarri behar zuen emaitza ona, baina ezin. Larrosa zuri-gorrien iraultzak kale egin du. Gaurko larrosak hiletarako egokiagoak dira. Norbait hiltzen denean ezin izaten da ezer egin. Athletic hobetzeko egin al daiteke zerbait?