Larrialdietakoei jai ematera

Egilea:

Data: 2013/01/05

SEVILLA-OSASUNA (gaur, 22:00)

Premia gorrian da Osasuna, puntu beharrean, eta ez du neurketa erraza, aurkaria ere gose baita, estu.

Partidaren orduak eta gau beltzak bat egingo dute. 22:00ak. Bukatzerako, hurrengo eguna, akaso. Sorginak eta deabruak kalean, erregeeen egunaren bueltan. Ez dezatela Osasuna zirikatu.

Premia gorrian dira gorritxoak. Zuloan berriz, aurreko urtea eskas amaitu eta gero. Sevilla ere antzera dabil, ustea erdia ustel: indartsua ustez, apalagoa izatez, sailkapenaren erditik behera. Atera kontuak, gaur Osasunak irabaziko balio, bi puntu baino ez lizkioke aterako handi ustearen taldeak.

Gauerdiaren jiran, komeni larrialdietakoei jai ematea. Bestela ere nahikoa lan izango dute, Sevillara Osasuna sendatzera joateko. Galtzea litzateke hori, eta zuloaren zuloan, ikatz beltza bakarrik jateko kondena astebeterako. Okerrena da gal lezakeela. Azkeneko partida du gogoan zaleak, Granadaren aurkako hura, eta ezin ba konfiantzarik izan. Aukeran, hobe Getafekoa erreferentziatzat hartzea. Zein Osasuna azalduko da gaur?

Sevilla ez dabil ondo, baina eguna izaten badu, edonor zapaltzeko gai da. Partida arriskutsua da gaurkoa.