Lan txarrak
MALAGA-REALA (bihar, 22:00)
Bolada txarra eteten hasteko neurketa zaila du bihar gauean.
Apustu etxeetan zenbatean ote dago bihar Realaren garaipena? Dirua irabazteko aukera emango du, ziurrenik. Baina, jakina, horrek esan nahi du Realak galtzekoak dituela aldez aurretik.
Malagan jokatuko du, jekearen Malaga horren aurka, ordainketak egiten omen ez dituen jeke horren Malagaren kontra, Txapeldunen Ligan final 1/8etan ariko den Malaga horren parez parez pare. Isco, Joaquin, Demichelis, Saviola, Santa Cruz, Willy Caballero…
Eta Reala bolada txarrean. Azken hamabi puntuetatik bakarra aterata. Jokalari dezente minez, jokatu ezinda. Ikusten zergatik ordainduko duten asko apustu etxeek Realaren balizko garaipena?
Lan txarrak dauzka taldeak, eta berdintsuak Montanierrek. Zaleek ez dute nahi gehienean, urrutira bidaltzeko irrikaz dira, baina Aperribai presidenteak babesa eman dio (bidali aurretik eman ohi den hori?). Diotenez, Ligako hiru partida eta Kopakoa aztertuko ditu zuzendaritzak, entrenatzailearen inguruko erabakiren bat hartzeko. Eta bihar sekulako danbatekoa hartzen bada?
Iraganeko kontuek ez dute balio handirik futbolean, baina itxaropen tristetuari poz pixka bat ematearren, biharkoak izan dezake antzik joan zen denboraldiko Valentzia-Reala partidarekin. Orduan ere jota samar joan zen taldea, eta 0-1 irabazi zuen. Portzierto, huraxe da taldeak etxetik kanpo lortu duen azkenekoa oraingoz. Antza izango du irabazten bada, jakina. Bestela, ezer ez.
Kontu eta zalantza denak bihar gauerdian argituko dira, partida 22:00etan baita.