Kontu zaharrak
BARTZELONA-OSASUNA (gaur, 19:00)
Lan zailenak dauzka Osasunak gaur, baina saiatu beharrean da.
Bartzelona aurkari eta bere zelaian. Ai ama! pentsatzea eta esatea ez da oso aparte. Azken batean, gauza bera datorkie burura hara doazen talde ia guztiei. Kontu zaharrak.
Baina jokatu egin behar da. Eta Osasunak ere zaildu izan dizkio gauzak Bartzelonari bere zelaian. Kontu zaharrak.
Bartzelona ‘haserre’ aterako da, joan zen jardunaldian Anoetan galdu eta gero. Olatu indartsua izango da, hasieratik aurkaria aurretik eramateko asmoz. Han egongo da Osasuna. Baina egon baino, hobe du izan aukeratzea. Zirt edo zart. Gero gerokoak.
Jokalarien artean izango da Silva txiletarra, fitxaketa berria. 19ko zerrenda osatu du Mendilibarrek. Atzoko saioan, Armenterosek hartu zuen min, eta ez da joan Bartzelonara. Hutsune handi samarra.
Atzoko emaitzak, zuloko taldeenak, ez ziren txarrak izan Osasunarentzat: Deportivok galdu, Celtak eta Espanyolek berdindu. Aurreneko esaneko kontu zaharra betetzen bada esaten dugu…