Kolpe zehatza mahaian

Egilea:

Data: 2013/05/18

SEVILLA  1
REALA    2

Realak laugarren segitzen du sailkapenean, Sevillan emaitzari buelta eman eta gero. Txapeldunen Liga gero eta gertuago dauka.

  • Bukatu da partida, eta hor hasten zara ikusitakoa gorpuzten. Zer gertatu den, zergatik gertatu den… Jokoa honelakoa edo halakoa; estiloa ez galtzea edo beste era batera aritzea… Hor konpon azterketa horiek guztiak! Gaur bai behintzat. Realak irabazi egin dio Sevillari bere zelaian (1-2), eta hiru puntu dauzka. Jokoa ez dela izaten ari azkenaldian lehen bezalakoa? Bai. Baina berdin dio. Puntuak puntu dira… nahiz eta ondo jokatuta errazagoa den irabaztea.
  • Ondo jokatzea! Hara beste burutazio bat bi hitz horiek elkarren ondoan azaldu direnean. Gaizki jokatu al du ba gaur Realak? Zenbait arlotan ondo ez, baina beste batzuetan, dotore aritu da; esaterako, honetan: intentsitatean, borrokan, lehian, eta nola ez, taldeko lanean, talde izaten. Horrek eman dizkio hiru puntuak. Sufritzen ere badakite jokalari horiek, eta oinarri egokia eta beharrezkoa da betiko jokoa azaltzen ez denerako.
  • Bizi hasi da partida, espero bezala. Halakoxeak baitira Unai Emeryren taldeak. Sevillak bizitasuna nahi du, eta jartzera atera da. Baina lehen gola Realak sartu dio ia-ia. Griezmann hain berekoia ez balitz… Agirretxe zuen baloia jasotzeko gertu, baina frantziarra borroka partikularretan sartuta dabil. Baloia kanpora.
  • Berriz ere Griezmman protagonista… beste arean. Sevillaren aldeko kornerra, motzean atera, frantziarrari ihes egin dio Rakiticek, ahalegin handirik ez Realekoak kroaziarra harrapatzeko, eta zast! 1-0. 10. minutua.
  • Rakitic orain ere foku guztien jomuga. Baina beste arean. Illarramendik atera falta, eta kroaziarrak burukada zehatza bere ate barrura. 1-1 eta 18. minutua.
  • Handik bost minutura, Agirretxe azaldu da. Nor bestela! Carlos Martinezek ezkerrez erdiratu dio baloia, eta bi atzelariren artetik azaldu da aurrelaria, gola sartzeko. 1-2.
  • Hortik aurrera, bi gauza egin behar zituen ondo Realak: defentsako lan ona egin, eta erasoan zitala izan. Defentsan, lerroak atzeratzea erabaki du. Bigarren lana zailagoa zen: erasorako bidea onda egitea, Sevillaren presioa gaindituz. Sevillak ez du asko estutu, baina Realak ere ez Sevilla. Atsedenaldia.
  • Bigarren zatiaren hasiera makalagoa izan da erritmoan. Hobe Realarentzat. Baina lasaitasunak ez du asko iraun. Baloia zenbait bider galtzen hasi dira txuri-urdinak, gauzak patxadaz eta normal ez egiteagatik. Une batzuetan zoratu bezala egin da taldea, iparra galduta balu bezala. Baina Sevillak ez du baliatu ezertarako.
  • Reala ez da asko azaldu erasoan bigarren zatian. Gutxi aukeran. Sevillak bi aurrelari jarri ditu, eta Reala atzean zen. Nahiko ondo moldatu da defentsan, baina bigarren baloiak Sevillak hartzen zituen. Berriz hastea bezalakoa zen. Eta ezin kontraerasoak egin. Ikusten zen gaizki pasatu behar zuela taldeak hirugarren gola egin ezean. Ez du egin, eta estu antzean ibili da. Baina azkenean, hiru puntuak Realarentzat. Eta kolpe zehatza mahaian. Valentziak irabazi egin baitu arratsaldean Getafen. Bi partida falta, eta biak berdinduta, baina Reala aurretik. Igandean, Real Madril Anoetan. Zirrara iragartzen da.