Kolpe, kolpe, kolpeka…

Egilea:

Data: 2012/04/05

Athleticek ondo bukatu behar du gaur Schalkeren zelaian hasitako lana (2-4). Europako Ligako finalerdietan behar du taldeak. 21:05ean hasiko da partida.

…josi eta josi, josi eta josi. Hala esaten du haurrei kantatzen zaien abesti batek. Halakoxea izan zen gaur zortzi Schalkeren eta Athleticen arteko partida, Alemanian. Euskal herritarrak izan ziren garaile (2-4), baina galtzaile ere izan zitezkeen. Halakoxeak izan daitezkeelako kolpea kolpeari kateatzen ibiltzen diren bi talderen arteko partidak.

Erasoan daukate indarra biek, eta erasoek gaina hartu zieten defentsako lanei. Emaitza, horren erakuslea. Gaur ere kolpeka ibiltzeko traza daukate. Athleticek ez duelako beste biderik ezagutzen Marcelo Bielsa entrenatzaile denetik; eta alemaniarrek beste aukerarik ez dutelako kanporaketa irauli nahi badute, beren jokatzeko modua horrelakoa izateaz gain.

Kolpeka aritzen badira, funtsezkoa izango da atearen aurrean asmatzea. Joaneko emaitzak erabakigarria ematen du, baina neurketa irekia izaten bada, kontuz. Asmatu egin beharko baitu Athleticek golak sartzen. Konfiantza ematen du taldeak, eta asmatuko du.

Partida nola joaten den ere kontuan hartu beharko da, alemaniarren itxaropen apurra azkar hautsiz gero, tramite hutsa izan daitekeelako partida. Festa, tramitea bainoago. Europako finalerdietan aritzeko aukera lortzea ondo ospatzekoa delako.

http://www.youtube.com/watch?v=z3zHreJv5rM