Klub historiko bat larri dabil: Glasgow Rangers

Egilea:

Data: 2012/02/14

Ordainketa etena iragarri du, eta hamar egunean ez badu inork taldea erosten, 10 puntu kenduko dizkiote Scotish Premier Leaguen. Egun, bigarren da, Celticetik 4 puntura

Diru arazoak nonahi dauden garaiotan, futbola ez da salbu. Eskoziatik dator albistea, eta klub historiko bat larri dabilela kontatzen du. Glasgow Rangers da.

Ordainketa etena iragarri du, eta 10 eguneko epean inork ez badu kluba erosten, epaile batek izendatutako administratzaileek kudeatuko dute kluba. Hori gertatzen bada, Scotish Premier Leaguen zigorra jaso dezake: 10 puntu kenduko lizkiokete. Orain, bigarren da sailkapenean; buruan Celtic da, eta 4 puntuko aldea dago bien artean.

Klubak burtsan kotizatzeari utzi zion urtarrilaren 9an. Arazoaren muinean dago Britainia Handiko Ogasunarekin dauzkan kontuak. 60 milioi euro eskatzen dizkio erakunde horrek klubari, baina Rangersek diru hori beretzat nahi du, soldatak ordaintzeko.

Egoera ekonomikoa hain larria izanik, taldeko jokalari onena saldu behar izan zuen neguko merkatuan: Nikica Jelavic aurrelari kroaziarra.  Evertonek fitxatu zuen.

Rangerseko zaleak.METRO.CO.UK