Kendu paretik

Egilea:

Data: 2013/04/14

RAYO 0
REALA  2

Nagusitasun handiz irabazi du Realak, Agirretxeren bi gol goiztiarrekin, eta sendo eusten dio laugarren lekuari.

  • Beste garaipen bat. Hiru puntu gehiago Realarentzat. Bolada onari segida emateko. Txapeldunen Ligako doinu hotsak Euskal Herritik gertuago entzuteko. Aurkari zuzena izan zitekeena paretik kentzeko. Valentziari bi puntu gehiago ateratzeko. Malagari eta biei abisu zuzena bidaltzeko: “Hau gurea da, eta kostako zaizue hemendik kentzea”.
  • Eta hori guztia, oso erraz lortu du. Non eta Vallecasen, zelai madarikatua’ ezizena duen horretan. Hasi eta berehala argitu ditu kontuak Montanierren taldeak. Agirretxek sartu ditu bi golak, 5. eta 14. minutuetan. Biak etorri dira eskuin hegaletik, antzekoak izan dira lekuaren eta bilakaeraren aldetik, baina ezberdinak jatorrian.
  • Aurreneko gola maisu lana izan da. Bravok luze atera dio Griezmanni ezker hegalera (marraren gainean zegoen), zehaztasun osoz, dotore. Frantziarra zabalik zenez, hegaleko atzelaria (De la Bella) barrutik sartu da, desmarkearekin Rayoren lerroak hautsiz. Area barruan zela kataluniarra erdiraketa egin du azpitik lehen zutoinera; hara joana zen Agirretxe, eta sarera bota du baloia.
  • Bigarrena honela izan da: geldikako jokaldi batean ondoren, Rayok urrundu egin du baloia, eta talde osoa ateratzen hasi da areatik, baina marra okerrak marraztuz. Xabi Prietok aurrera jo du baloirik gabe, eta taldekide baten pase neurtua jaso du, Rayo osoa gainetik pasatuz. Erdilari donostiarrak erdiratu egin du, azpitik honek ere, lehen zutoinera oraingoan ere, eta Agirretxek lehengoa egin du: gola sartu.
  • Golek eman diote balioa Realaren lanari, eta bi kolpe horiek nabarmenduko dira, baina merezi du neurketaren hasierako lana aipatzea: lotsarik gabe eta konplexurik gabe atera da taldea, presioa goian egitera, Rayoren joko landua oztopatzera, eta estrategia horren saria izan dira bi golak.
  • Rayo jota geratu da, eta pentsa zer egin duen bere entrenatzaileak, Paco Jemezek: 16. minutuan, eskuin hegala aldatu du: Lass eta Tito aulkira, Jose Carlos eta Arbilla zelaira. Zigor kutsua dauka erabakiak, baina entrenatzailea horretarako dago, erabakiak hartzeko.
  • Minutuak aurrera joan ahala, Chory Dominguez argentinarra hasi da jokoan sartzen. Denbora eta espazioa izan ditu minutu horietan, Realak ez du ondo lotu, eta buruko min batzuk sortu ditu. Erditik aritu da, eta ondo baliatu du aukera ezker hegalera jokoa zabaltzeko, han baitzen Piti arriskutsua. Egoera horietan, ordea, Rayok ez du asmatu gola sartzen.
  • Beste honetan ere deseroso antzean egon da Reala: presionatzen ez zuenean, lerroak atzeratzen zituenean. Egia da Rayok ez diola estutasunik sortu, baina presioan erosoago egon da taldea. Lan horretan, kontuan hartzekoa: Ruben atezainak baloia zuenean, erdiko bi atzelariak zabaldu egin dira, eta pase horiek galaraztera jo du Realak, erdia libre samar utziz. Partidaren hasieran egin duen aukera hobea izan da: utzi egin dio Galvez erdiko atzelariari baloia hartzen, ez ordea Jordi beste erdiko atzelariari. Eta Galvezen aukera bakarra luze jotzea izan da, bere taldearen ohiko joko landua erabat txikituz.
  • Bigarren zatia azaltzeko hitz hau da egokia: erritmoa. Eta alboan, adjektibo hau: makala. Realaren mesedetan. Lerroak atzeratu ditu taldeak, Rayok izan du baloia. Emaitzarekin jokatzea da hori, baina lan horretan bi hutsune egon dira: defentsako lanean, jokalariek ez du behar bezala estutu, eta baloia lapurtzean, apenas gauzatu dute kontraerasorik. Rayok ez dio minik egin, hor dago hori, baina Realak ere ez, eta partida hor geratu da.
  • Aurreneko kontraerasoa 66. minutuan osatu du Realak, Velaren bidez, eta hurrengoa Elustondorena izan da, 76. minutuan. Elustondo zelairatzea ere aipatu beharrekoa da: Illarremendiren ordez atera du Montanierrek, mutrikuarrak txartel horia ikusi berritan (ezingo du Iruñean jokatu, bosgarrena duelako). Zelai-erdia indartu nahi izan du Normandiako entrenatzaileak, eta lortu du nahi zuena.
  • Itzaliz joan da neurketa, bigarren zati osoko bideari segituz, eta hor bukatu dira bukatu beharrekoak. Bukatu ez dena Realaren ibili paregabea da. Hurrengo erronka: Osasuna eta Iruñean. Ez dira lasai egongo nafarrak.