Katedralean ezkondu dira
ATHLETIC 2
SEVILLA 1
Hiru puntu lortzeaz gain, zaleek eta taldeak bat egiten dute berriz. Bigarren garaipena da segidan.
- Argazkiak ateratzeko eguraldi txarra dago gaur, baina ezkontza ez da bertan behera geratu. Ezkongaiak bertara azaldu dira: Athleticeko jokalariak eta entrenatzailea batetik, eta Athleticeko zaleak, bestetik. Eta ezkondu egin dira. Argazki batzuk atera eta gero. Hauek:
- Lehen zatikoa ederrena izan da. Taldeak maitasun istorio honen hasierako uneak gogararazi dizkie zaleei. Hunkigarria ere izan da. Biak pozarren. Jokalariak gozatzen jokoan, eta zaleak txoratzen jokalariak gozatzen ikusten.
- Presioa goian, baloiarekin ondo, mugimenduak ere txukunak eta orekatuak erasoan. Erritmo biziarekin. Sevilla ezinean. Jokoan eta emaitzan. De Marcosek eta Susaetak sartu dituzte bi golak. Gehiago ere izan zitezkeen.
- Bigarren zatiko argazkia hau itsusiagoa izan da, baina denetarik behar du ezkontza batean. Baloia galtzearekin bat itsusitu da taldea. Eta zaleak ere sufritzen hasi dira. Navas azaldu da ezkontzara, inork gonbidatu gabea bazen ere. Buruko minak aurreratu dizkio Aurtenetxeri. Ikusten zen lehen zatian, eta bigarrenean laguntza eman dio Bielsak, De Marcos hegalean jarriz, atzealdean, Aurtenetxeren alboan. Hala ere, Navas nagusi.
- Baloia Sevillak hartu du, Athletic gero eta atzerago, eta kontraerasoak ezin gauzatuta. Eta gero etorri da ia-ia ezkontza zapuztu duena: epailearen erabaki bat. Herrerari bigarren txartel horia atera dio, baloiak bera eskuan jo eta gero. Kalera, eta jokalari bat gutxiagorekin. Segituan hasi da musika desafinatzen, gainera. Sevillak gola.
- Eskerrak bere lekuan, ondo eta ziur egon den Iraizoz. Zalaparta guztia baretu du berak bakarrik, ezkontza dibortzio bilakatzeko zorian egon den guztietan. Taldekideek ere sekulako lana egin dute.
- Horren aurrean, zaleak pozarren. Eta erabat mozkortu dira epaileak lehia bukatutzat eman duenean. Hiru puntu gozo, taldea eta zaleak bat eginda, eta gaur gauean, ohe berean jolasean ibiltzeko tenore ezin hobean.