Kale edo bale

Egilea:

Data: 2014/08/28

EUROPAKO LIGA

  • Realak Krasnodarren zelaian jokatuko du gaur (18:00, ETB 1) multzoen fasean sartzeko gainditu behar duen azkeneko kanporaketaren itzuliko partida.
  • 1-0 irabazi zuen Realak Anoetan joanekoan.

Realak Europako Ligan egon behar du, eta horretarako azkeneko kanporaketa gainditzea falta zaio. Beste era batera esanda Krasnodar utzi behar du bidean. Bideratua dauka kanporaketa, joanekoan 1-0 irabazi zuelako. Gaur, biribildu behar du lana, Errusiako hiri horretan, itzuliko partidan (18:00, ETB 1).

Kale edo bale. Ez dauka beste aukerarik. Eta zaleak nahiko kezkatuta utzi zituen taldeak joan zen igandean, Ipuruan emandako itxura ilunarekin. Hori du azkeneko erreferentzia zaleak, eta taldeak ere hobe luke garbi izatea ondorengo hau. Eibarren aurka bezala jokatuta, Europako partidarik gabe geratuko dira.

Defentsako lanak egin beharko ditu ondo Realak, Krasnodarrek erasora jo beharko duelako joaneko emaitza kalterako duelako. Egoera hori izan daiteke partidaren abiapuntua, eta jakina da Realak defentsako lan hori egiteko baliabide egokiagoak dituela presioa goian egiteko atzean sartzeko baino; taldea hobeto moldatzen da lerroak aurreratuz.

Abiapuntua hori izanik, gero jokoak eta unean uneko emaitzak zehaztuko ditu bi taldeen estrategiak. Gauzak eta kanporaketa Euskal Herrira ekartzeko lanean, oso garrantzitsua litzateke Realak golen bat egitea. Etxetik kanpoko gol horien balio bikoitza altxorra izan ohi da.

Krasnodarren trebezia kontraerasoan dagoela ikusi zen Anoetan, eta aukera hori baliogabetu beharko dio Realak: erasoan oparirik ez egiten, eta erasotik defentsarako lanean sendo azalduz.

Zer egin beharko litzatekeen hemen idatziz azaltzea kontu erraza da, baina zailagoa zelaian gauzatzea. Lan hori jokalariena izango da, eta garbi dago hau: Realekoek berea egiten badute, Europako Ligan izango dira; bestela, ez. Ezin dute erdizka aritu. Asko daukate jokoan.