Jolasa eta jokoa

Egilea:

Data: 2013/01/19

REALA-BARTZELONA (gaur, 18:00)

Realak izan nahi du Bartzelona sasoi honetan Ligan menderatuko duen lehen taldea.

Reala eta Bartzelona. Pentsatzen jarri, eta ikastola garaiko kontu bat etorri zait burura: jolas orduetako futbol partida.

Hor egoten ginen gelan, irakasleari baino txirrina noiz joko zuen adiago. Txirriiiin! Korrika batean behera, jolas lekura, futbolean jolasteko leku onenaren bila.

Libre bazegoen, jolasa joko bihurtzen genuen. Punturik ez zen egoten jokoan, baina baleude bezala aritzen ginen. Dena eman beharra ez zuen inork ezkutatzen. Finala zen gutako bakoitzarentzat. Azkeneko partida balitz bezala. Gozatu egiten genuen. Jolasa jokoa bihurtzen genuen.

Baina txirrinak jo eta behera jaitsi orduko ikusten bagenuen lekua hartuta zegoela, ezin izaten genuen jolastu; akabo gure jokoa.

Realak eta Bartzelonak antzeko egoera biziko dutela irudikatzen dut orain. Biek nahi dute jokatu, baloiaren jabe eginez jolastuz jokatu. Baina baloi bakarra egongo da. Bietako batek jokatu egingo du, eta besteak ezingo du.

Ikastolako garaietan, helduenek izaten zuten ia beti hartuta futbolerako lekua, eta txikienek oso gutxitan izaten zuten han jolasteko-jokatzeko aukera. Zer nahi duzue esatea, gaurkoari begira Bartzelona da heldua, eta Reala txikia.

Eta leku hartan euria egiten zuenean azaltzen ziren euri putzuak? Helduek uzten zioten tarteka txikiei beraien aurka jokatzen, eta gogoan dut txikiak ondo moldatzen zirela plisti eta plasta.

Jolasaren eta jokoaren ordua bukatu dela aditzera ematen duen txirrinaren hotsa zortziak hamar gutxi aldera joko du. Nor  joango da kantari?