Jokoz kanpokoa: arauak zer dio?
- EPAILEEI ere tartea emango diegu hemendik aurrera, eta atal honen ardura JOSU GANUZA epaileak eta kazetariak izango du. BELE BELTZA izena jarri dio atalari.
- Lehen testua jokoz kanpokoaren araua azaltzeko erabili du.
Kaixo futbolzaleok, gure blogak atal berria estrenatzen du, BELE BELTZA izenekoa. Sekzio honetan futbol araudiaren nondik norakoak azalduko dizkizuegu: aldaketak, zehaztapenak, mitoak…
Urtero urtero futbol araudian aldaketak egiten ditu FIFA erakundeak, horietako batzuk esanguratsuak direlarik, beste batzuk ez hainbeste. Honetaz gain RFEF-ek, estatu espainoleko federazioak, CTA-ren bidez, Arbitroen Batzorde Teknikoaren bidez, hainbat aldaketa egin ohi ditu. Baina, tira, kontu horiek beste baterako utziko ditugu. Goazen ba aurtengo aldaketa esanguratsuenak aipatzera (berrikuntzak beltzez eta etzanean agertzen dira eta hitz gakoak azpimarratuta). Gaurkoan jokoz kanpokoa analizatuko dugu:
Jokoz kanpokoa
Araua sakonean beste sarrera batean azalduko dugun arren, gauza batzuk zehaztea komenigarria da:
- Jokoz kanpoko posizioan egotea da: ateko marratik hurbilago egotea baloia eta azken aurreko aurkaria baino. Hau berez ez da arau haustea.
- Jokoz kanpoko arau haustea gertatzen da jokalari bat bere kide batek baloia jo edo baloiak kidea ukitzen duenean jokoz kanpoko posizioan dagoenean eta joko aktiboan inplikatuta dagoenean:
- Jokoan sartuz: honek baloia ukitzea esan nahi du
- Aurkari bat oztopatuz: honek esan nahi du aurkari bati baloia jokatzen eragoztea era argian bere ikuseremua edo mugimenduak oztopatuz, edota keinuz arerioaren arreta galaraztea edo hari baloia lehiatuz.
- Bere posizioaz abantaila lortuz: arerio, zutoin edo langan errebotatu duen baloi bat jokatzea, kideak baloia hara bota duenean jokoz kanpoko posizioan egonda edo aurkariak berariaz geldiketa bat egiten duenean. Jokoz kanpoko posizioan dagoen jokalari batek baloia jasotzen duenean aurkari batek baloia berariaz jokatu duenean ez da jokoz kanpokoaren arau haustea egiten ari. Hau azaltzeko ikusi honako bideoa:
Hasteko esan beharra dago, arbitroak erabaki zuzena hartzen duela. Orain, eta Betiseko jokalariak baloia ikututa, baloia Negredorengana joango balitz? Negredok ez luke jokoz kanpokoaren arau haustea egingo, izan ere, Betiseko jokalariak berariaz jokatzen du baloia, eta teknika txar baten baloia arerioari ematen baitio.
- Beraz errebote batek (baloiak aurkaria nahigabe ukitzen duenean) ez du jokoz kanpokoaren arau haustea bertan behera uzten. Baina urruntze batek bai (aurkariak nahita baloia jokatzen duenean).