Joerak eta nortasunak

Egilea:

Data: 2013/02/23

ATHLETIC 1
REALA 3

Talde bakoitzaren egungo ibilia islatu du emaitzak, eta Realak bere betiko jokoa egin gabe ere, Athletic menderatu  egin du.

  • Derbiak bereziak izan ohi dira. Sailkapenak unean-unean islatu izan duena irauli izan da derbietan. Partida bakartzat hartuak ere badira. Baina beti ez da hala izaten, eta adibidetzat gaur gauekoa jarri behar da: Reala askoz hobeto dago sailkapenean Athleticen aldean, jokoan ere fidagarriagoa da, eta derbiko emaitzak hori dena islatu du: 1-3 nagusitu da Reala San Mameseko azken derbian.
  • Joera nagusitu da, talde bakoitzarena, eta nabarmendu behar den beste kontua nortasunarena da. Realak eta Athleticek ondo txertatuta dute bakoitzak berea jokatzeko ereduari dagokionez. Gaur, ordea, irabazleak ez du ohiko nortasuna azaldu, Realak ez du ohiko jokoa egin, baina hala ere, garaile izan da. Athletic lehen zatiko tarte batean izan da ezagutzen dugun Athletic erasoan; defentsan, denboraldi osoko zuloak azaldu dira, hori ere talde honen nortasuna da. Bakoitzaren izaeraren jolas horretan, izan edo ez izan horretan, bitxia izan da gaur gertatua.
  • Derbiaren hasiera bururik gabeko jarduna izan da. Pase okerrak batean eta bestean, zehaztasunik ez, eta ezin bat besteari nagusitu. Hala ere, nahas-mahas horretan, Athletic erosoago ibili da. Realak ezin zuen baloiaren jabe egin, eta asko kentzea da hori bere indarguneei dagokienez. Ez zebilen eroso. Lekua galduta bezala, korrika asko baino alferrik egiten bezala.
  • Athleticen presioa ona izan da, altua erabili du Reala itotzeko, eta lortu du. Joko zuzena egitera behartu du Reala. Gainera, Realak berak ere aukerak eman dizkio Athletici. Baloiarekin sakontasuna aurkitu ordez, motzean jokatzen saiatu da, eta horrek elikatu du Athleticen buruz buruko zaintza eta presio itogarria. Horrelako jokaldi batean etorri da Ibairen gola. Reala erasoa landu nahian baloia berreskuratu berritan; sakon aritu beharrean zuloak baliatuz, pase motzaren aukera erabiltzen hasi dira bi jokalari; kendu dio Athleticek baloia, erdiraketa ezker hegaletik eta Ibairen zartako perfektua.
  • Orduantxe ari zen Athletic ondoen. Defentsan eta erasoan. Baloiaren jabe ere ondo aritu da tarte horretan. Batez ere eskuin hegaletik. San Jose, Iraola, Herrera, De Marcos lotura ondo ibili da. Baina ez du baliatu Reala menderatzeko, eta gainera, handik gutxira, berdinketa etorri da. Athleticen defentsako lerroak zuzenetik ezer ez du izan jokaldi horretan, eta Iraolak area txikiraino jarraitu dio Griezmanni; Chory Castrok erdiraketa itxia egin du, eta frantziarrak buruz bota du baloia sarera.
  • Lehen zatia amaitu arteko 11 minutuetan hasi da marrazten gero bigarren zatia izan dena. Erritmoa jaitsi egin da, hasteko, eta Athleticen nagusitasuna, desagertu.
  • Bigarren zatian, aldaketa handia egin du Realak defentsako lanean. San Joseren inguruan ibili da Agirretxe, baloiaren irteetan parte har ez zezan. Lehen zatian, eskuin hegaleko bide nagusia izan dena deseztu egin du Realak bigarrenean.
  • Agirretxek berak lan horregatik ez du lore askorik jasoko, merezi arren. Loreak kenduko ez dizkiona bigarren gola izango da. 66. minutuan, De Marcosek falta egin du area kanpoaldean, Realaren eskuin hegal inguruan. Arriskutsua oso. Chory Castrok atera du, itxi-itxia, eta Rauli ihes egin dio baloiak. Han zen Agirretxe, bigarren gola, eta partida Realaren kolorea hartzen hasi da.
  • Vela atera du Agirretxeren ordez segituan Montanierrek. Athletic erasora itsu joaten hasi da, Realak ondo eutsi dio, eta kontraerasoan ateratzeko aukera onak izan ditu. 76. minutuan izan du saria. Zurutuza bi minutu lehenago atera du zelaira Montanierrek, eta pase ederra eman dio Velari. Dotore jo dio baloiari. 1-3koa.
  • Llorente zelaian zen Adurizen ordez ordurako, baina alferrik. Athleticek ez zuen indarrik ezer onik egiteko, eta azken minutuak erosoak izan dira Realarentzat. Sailkapenean ere halaxe dago, 40 punturekin eta bosgarren, Txapeldunen Ligako leku bat bi puntura duela. Athletic, aldiz, zulora gerturatzen ari da. 26 puntu dauzka, eta asteburuan zaindu egin beharko du zuloko taldeek zer egiten duten; oraingoz, sei puntura du infernua.