Jatortasuna zer den ez daki futbolak

Egilea:

Data: 2012/06/17

EUROKOPA 2012 Alemaniak irabazi egin dio Danimarkari (1-2), eta B multzoko lider bezala sailkatu da final-laurdenetara. Daniarrak, etxera, txapelketa ona egin arren.

  • Alemaniak gaur ere irabazi egin du. Danimarkari. Behar gorririk ere ez bazeukan irabazteko. Lehiakortasuna ororen gainetik, bigarren zatian erritmoa jaitsita ibili bada ere. Lehiakorrena izan da garaile B multzoan. Orain, final-laurdenetan (datorren ostiralean), Grezia izango du aurkari.
  • Danimarka talde jatorra da. Morten Olsen maisuak ere asko eman dio futbolari, eta ematen ari zaio oraindik. Baina futbolak ez dio esker onik bueltatu. Hor konpon jatortasunak eta halakoak futbolaren begietan! Berdinduta zihoazenean, zutoina jo du Poulsenen baloikadak. Orain ez du balio balitz eta balu jarduteak, baina jokaldi horrek azaltzen du emaitzak gogorregiak izan direla daniarrekin. Merezi zuen zerbait gehiago, baina…
  • Pare bat kontu deigarri gaurkoaz: daniarren gola, batetik. Korner batean egin du. Alemaniarrek ez dute buruz buruko zaintza egiten, eta jokaldiaren hasieratik, bakarrik zegoen Krohn-Dehli. Agerrek jo du buruz bigarren zutoinean erdiraketa, eta Krohn-Dehlik bota du sarera, buruz honek ere. Zaintzako lanaren zuloetako bat agerian geratu da. Gauza onak dauzka, baina hutsuneak ere bai. Beste guztiak bezala, bide batez esanda.
  • Bigarren arretagunea: Kvist daniarrak Ozili egin dion buruz buruko zaintza. Ozil nora, Kvist hara. Ezin zuenean (urruti harrapatzen zuelako, edo erasora igoa zelako) bakarrik aldatu du zaintza taldekideren batekin. Hori, berez, zaintza nahasia edo mistoa da, baina buruz burukoaren zantzu ia denak izan ditu.
  • Alemania aztertuz, gaurkoak ez du balio handirik ondorioak ateratzeko aurrera begira. Akaso, geldikako jokaldietan duten zuloa defentsako lanean.