Izarren hautsa

Egilea:

Data: 2013/11/12

REALA (analisia)

Realak denboraldi honetan orain arte egindakoaren analisia egin digu Unai Zubeldia kazetariak.

“We are Champions League”, Lyonen; “Barkatu, ez da berriz gertatuko”, Zubietan. Eta tartean bi hilabete eta erdi eskas. Oreka zer den begiratu, eta beste muturrean dabil Reala. Gozatu politak hartuta, hanka eta erdi Txapeldunen Ligatik kanpo. Eta gozamenetik gehiegi izan gabe, Europa hiru puntura ligan. Hiru partida eta laurden lehiatu ere egin gabe, gainera: Bartzelona (4-1), Rayo (1-0), Real Madril (5-1)… eta Valladoliden aurkako azken ordu laurdena (2-2, eta eskerrak). Izarren artean hasitako bidea, hauts bihurtuta Realaren denboraldiko minuturik kezkagarrienetan. Ez tentsiorik, ez intentsitaterik, ez jokorik eta ez ausardiarik.

Txapeldunen Ligan Manchester Unitedek bakarrik eman dio errealitate ukitua, Rooney, Van Persie, Giggs… izenak bakarrik ez direla erakutsita. Bai Old Trafforden eta bai Anoetan. Txuri-urdinek oso lan duina egin dute, orain artean, Europako lehiaketarik sonatuenean. Puntu bakarra, ordea. Kale edo bale egitekoa da Xakhtar Donetsk-en aurkakoa; eta, agurrarekin edo balentria handiarekin, gozatzekoa Bayer Leverkusenen aurka Anoetan jokatu beharrekoa.

Baina ligan dauka oreka bilatu beharra taldeak. Ondo egindakoa ezin du desegin hain lotsagabe. Zelaitik kanpo, berriz, lana pilatzen ari zaio Jagoba Arrasateri. Philippe Montanierrek langa goi-goian jarrita, ez zeukan lan erraza berriatuarrak, baina oso duin ari da betetzen bere lana (artistarik handienak ere multzo honekin askoz gehiago ez zuela egingo sinetsita nago). Baina Seferovicen keinuak; Ifran eta Graneroren lesio larriak; Vela, Xabi Prieto eta Agirretxeren itzalaldia; Elustondo eta Rosen ekarpen hutsala; Pardoren inguruko eztabaida; Griezmannen gol festaren balizko ondorioak… Celta, Espanyol, Betis eta Granada ligan; Xakhtar eta Bayer Txapeldunen Ligan; eta Algeciras Kopan. Hautsak harrotu ondoren, gozatzekoa da urte amaiera.