Izandakoak balioa galtzen duenean

Egilea:

Data: 2012/05/31

Liverpool Europako klub handienetakoa da. Historiak hala dio. Baina egun, ez dago onenean, eta entrenatzailea aurkitu ezinda dabil. Ematen du ez dela talde erakargarria.

Ingalaterran ez da beste konturik egunotan, futbolaren munduan. Liverpooleko entrenatzailea nor izango da? Garai batean, erantzun zitekeen hau: “Klubak nahi duen edonor”. Historikoa, handienetakoa, edozein arduradun teknikorentzat oso erakargarria. Baina gaur egun, beste aldean dago: asko ari zaio kostatzen entrenatzailea aurkitzea. Ezezko batzuk ere jaso omen ditu. Ez da garai batekoa.

Urruti dago 2005eko maiatza. Txapeldunen Liga irabazi zueneko gau magiko hura. Huraxe du azkeneko garaipen handia. Baina aurretik ere lehortea nagusi oro har; batez ere, etxeko Ligan. Eta zer esanik ez Istanbuleko final gogoangarri hartaz geroztik. Curling Cup bat besterik ez, aurten irabazitakoa.

Rafa Benitezen aroa bukatu zenean, klubeko mito bati deitu zioten: Kenny Dalglishi. “Atera gaitzazu zulo honetatik” eskatuko zioten. Zuloan segitzen du, eta King Kenny ez dago. Bidali egin dute. Ordezkoaren bila hasi beharra zuen. Bada aste zenbait ekin ziola. Baina kale bata bestearen atzetik. Izen ugari atera da hedabideetan: Louis Van Gaal, Frank de Boer, Rafa Benitez bera, Didier Deschamps, Fabio Capello, Pep Guardiola… baina inork nahi ez.

Adierazgarria da oso izen entzutetsuenek nahi ez izatea Anfielden lan egitea. Adierazgarria da era berean, klubak azken egunetan begiz jo dituen entrenatzaileen izenen izen txikia: Roberto Martinez (Wiganeko entrenatzailea) eta Brendan Rodgers (Swansea). Kataluniarrak ezetz esan die. Eta orain, irlandarrarengan jarrita daude begi guztiak. Baiezkoa esango omen du. Baieztatu arte…

Historia horixe da, historia, iragana, atzekoa. Loriatsuena izanda ere, egunekoari bakarrik erreparatzen zaio futbolean. Bere lekua berreskuratu behar du ahalik eta azkarren Liverpoolek. Teoriak dio ospe handiko entrenatzaileek bakarrik lor dezaketela hori. Baina nork daki… Agian, Rodgers gaztea da zulotik aterako duena.

Brendan Rodgers