Itzalak mehatxu dira orain

Egilea:

Data: 2015/06/11

AMERIKA KOPA 2015

Txilen hasiko da goizaldean, etxeko selekzioaren eta Ekuadorren arteko partidarekin. Oso irekia dator txapelketa, indartsuak direlako Argentinaren eta Brasilen itzalpean dauden hainbat selekzio: Kolonbia eta Txile, batez ere. Analisi hau egin digu Aitor Manterolak.

Amerika Kopa hastera doa goizaldean. Txilen. Beti izan du xarma berezia txapelketa honek, ez baita alferrik zaharrena selekzioen artean jokatzen direnen artean. 1916an jokatu zen aurrenekoz, Argentinan. Zaharrak ematen dio esanahi bereziaz gain, aurtengoak badu beste ezaugarri erakargarri bat: selekzio onak ugaritu egin dira kontinentean azkenaldian. Argentina eta Brasil mehatxupean daude. Aurkari zitalak dituzte. Itzal handiak alboan.

Biak dira loriatsuenak txapelketan, baina badute beste selekzio bat aurretik garaipenen zerrendan. Uruguaik 15 bider du irabazia Amerika Kopa; Argentinak 14 dauzka; Brasilek 8. Tokitan datoz besteak: Paraguai eta Peru (2); eta Kolonbia eta Bolivia (1).

Uruguai izan zen, hain zuzen, azkeneko txapelduna. 2011ko edizioan gailendu zen Oscar Wahington Tabarezen jokalari multzoa, Argentinan. Duela lau urte erakutsi zien kontinenteko bi selekzio indartsuenei zertarako gai den, eta bera da itzal mehatxugarri horietako bat. Nahiz eta izar nagusiak, Luis Suarezek, ezingo duen jokatu, Munduko Kopan ezarri zioten zigorra bete behar duelako. Hutsune handia da, ezbairik gabe. Antzeman behar dute txarruek. Belaunaldi zaharrak berriari lekua uzten hasteko garaia ere heldu zaio Uruguairi, eta zaharraren azkeneko txapelketa handia izango da. Belaunaldi berriko hainbat jokalarik lekua izango dute taldean txapelketa honetan.

Kolonbia indarrez dator. Erakutsi zuen nolako taldea den, eta nola joka dezakeen iazko Munduko Kopan. Brasil jarri zitzaion parean final-laurdenetan, eta hantxe bukatu ziren ametsak. Jokalari bikainak dauzka, eta talde izaera ere bai. James Rodriguez buru dutela, Cuadrado, Jackson Martinez, Falcao, Bacca, Ospina… edozertarako gai dira Jose Peckermanen jokalariak. Izatekotan, honek behar luke izan handiren bat egiteko txapelketa Kolonbiarentzat. Sekulako indarra eta baliabideak dauzka erasoan.

Txilek aparteko aipamena merezi du bi handien itzal mehatxugarrien artean. Etxean ariko da, eta horrek baino indar handiagoa dauka honek: jokalari oso onak eta talde bikaina dauka. Ondo landua du Jorge Sampaolik azken urteetan. Joku bizia, azkarra eta mugikortasun handikoa. Iazko Munduko Kopan lan ona egin zuten Bravok, Alexisek, Vidalek, Medel, Aranguiz… eta talde bera aterako da zaleen aurrera. Hauxe du azken aukeretakoa jokalari multzo honek handiren bat egiteko. Marcelo Bielsarekin hasi eta Sampaolirekin segida izan zuen selekzioaren loraldi historikoak amaiera ezin hobea jarriko lioke aldi zoragarri honi.

Gainerako selekzioen artean, itzalak itzal dira. Betiko itzalak. Handien eta beste itzal mehatxugarrien azpian egotera behartuak orain ere: Peru, Bolivia, Venezuela (Fernando Amorebietarekin), Mexiko (berez indartsua baina jokalari onenak etxean utzita ariko da), Ekuador eta Paraguai. Jamaikak emango dio ukitu berezia parte-hartzaileen multzoari.

Itzalen Amerika Kopa hastera doa. Bi handienen itzalean segituko ote dute selekzio indartsu berriek? Ala itzalak jan egingo ditu bi handiak? Txapelketa zaharrenaren eguzkiak bistarazi ditzala itzalak osotasunean. Eta egin dezatela argi, bihur bitez kolorezko, betiko zuri-beltza kenduta. Futbolarentzat polita litzateke.