Itxi gabeko zauriari, gatza

Egilea:

Data: 2012/10/20

VALENTZIA 3
ATHLETIC    2

Azkeneko minutuetan bi gol jaso ditu, eta irabazita zuena galdu, modu mingarrian.

  • Ematen zuen… Ustez… Baina ez eman eta ez uste. Lehengora buelta. Oso gertu izan du Athleticek bigarren partida segidan irabaztea, baina bi, hiru edo lau minututan hanka egin diote puntuek. Lehia bukatzear zela, 1-2 aurretik zen Bielsaren taldea. Gero, 3-2 galtzaile.
  • Min ematen du beti galtzeak, eta modu horretan izanda, mina handitu egiten da. Bukaera mingarria oso lehiarena. Ezin du taldeak abiadura hartu. Pausoa aurrera ematen duenerako, atzeranzkoa berriz.
  • Emaitzaz haratago, jokoa aztertuz, kontrolik gabeko partida izan da lehen zatian. Baloia nahi eta ezin baloia eduki nahi bezain beste bi taldeek. Pase okerrak nonahi: zelai-erdian, azkeneko metroetan… buelta berriz ere atzera. Alde horretatik, zikina izan da neurketa, garbitasuna (argitasuna, hobeto) falta izan zaie bi taldeei.
  • Ondo moldatu da Athletic joko molde horretan. Adurizek sartu du aurrenekoa 18. minutuan. Zartako perfektua ezkerrez area ertzetik. Gero, 25.ean, penaltia adierazi du epaileak, eta Soldadok banakoa sartu du.
  • Ildo beretik segitu du neurketak, kontrolik gabe. Bi taldeak oso leku txikian sartuta ibili dira, baloia erabili nahian, baina tarterik ez gauza onerako. Eta sekulako zuloak atzelarien bizkarrean eta hegaletan. Erraz antzean iritsi dira biak areetara. Joan-etorri horretan, Adurizek sartu du bigarrena, korner batean. Aurretik, epaileak ez du adierazi penalti garbia Athleticen alde.
  • Atsedenaldira irabazten, eta asko izaten da hori Valentzian. Itxura txarra ez zeukan neurketak, eta emaitzak indartu egiten zuen uste hori.
  • Baina gaur ez da izan ematen zuen eta usteen gaua. Bigarren zatiaren kontakizuna beste idazle batek egin du, aurrenekoa kontatu duenari buelta emanez.
  • Hasieratik ikusi da Valentziak presioaren baliabidea erabili duela, Athletic estutzeko. Ondorioa: zuri-gorriak ezin baloia gora eraman, eta gero eta atzerago sartuta.
  • Itxura ez ona hartzen hasi da partida, eta Herreraren berotualdiak erre du taldea. Txartel gorria atera dio epaileak, eta akabo. Lehen zaila zena, orduan eta zailago. Ezin atzetik atera, Valentzia asko estutzen, eta edozein unetan gola egin zezakeen uste txar hori gainetik kendu ezinda denak.
  • Itxaropena omen azkena galtzen dena, eta minutuak aurrera joan ahala indartu egin da itxaropenaren kandela. Nagusi zen Valentzia, baina ez zuen asmatzen. Baina azkenean, joan eta joan, aurkitu du zuloa, eta Tino Costak eta Valdezek (falta batean izandako erdiraketa buruz jota) txikitu egin dute Athleticen itxaropena, lana eta zauria ia erabat sendatzeko premia. Itxi gabe darrai, eta gatza bota dio Valentziak azkeneko minutuetan. Asko erretzen du.